“Kultur barikuak” egitasmoa abiatu dute berriz Orozkon, jarduerak egokituta

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko mai. 20a, 09:00
Villabonan egingo dute grabaketa, eta Euskal Herri osora zabalduko da Orozkoko saioa. / EHBE

"Ez da kasualitatea" saio musikatua www.bertsoa.eus atarian eskainiko dute ostiralean 19:30ean. Euskal Herri osora hedatuko da Orozkoko saioa.

Kultur Barikuak ekimenarekin abiatu zuen urtea Orozkoko Udalak. Neguan zenbait solasaldi eta kontzertu egin dituzte, baina udaberriko egitaraua bete-betean oztopatu du koronabirusak. Hala, tarte batez alboratu behar izan dituzte jarduerak, Zuriñe Urkijo Arbaiza kultura zinegotziak Aiaraldea komunikabideari azaldu dionez: "Kultur Barikuen formatua aldatu behar izan dugu. Bertsozale Elkartearen bidez martxoko saioa moldatzeko proposamena egin ziguten".

Villabonan grabatu dute bertso saioa eta ostiralean emitituko dute 19:30ean, www.bertsoa.eus atarian. Begoñe Olabarria Astobiza orozkoarra izango da gai-jartzailea eta Oihana Iguaran, Onintza Enbeita zein Alaia Martin bertsolariak arituko dira kantuan. Martxoaren 13an Orozkoko Donibane aretoan zuten lotua hitzordua eta Lankuren bidez eskainiko dute ikuskizuna: "Orozkoko saioa Euskal Herri osoan ikusiko da".

Hurrengo Kultur barikuak
"Fase eta neurrien arabera egokituko ditugu aforoa eta beharrezko neurriak", zehaztu du Urkijo Arbaziak. Perkusio kontzertu didaktikoa izango da ekaineko ekintza. Tailerraren zehaztasunak hilabete hasieran jakinaraziko dituzte, aurreratu duenez. Gobernu taldeak, kulturgintzari bultzada eman nahi dio,  zinegotziak erantsi duenez, "ez dutelako batere egoera erraza orain, ezta aurrerantzean ere. Gure partetik ahal duguna egingo dugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide