UDALBATZA

Tokiko merkataritza laguntzeko 25.000€ bideratuko ditu Orozkoko Udalak

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko eka. 17a, 09:20

Herriko saltoki eta tabernentzako laguntzak bideratuko ditu udalak. / Aiaraldea.eus

Orozkoko jaietako aurrekontu partida erabili du horretarako gobernu taldeak. Alkatearen esanetan, 88 negozio daude herrian, eta 600€ inguruko diru-laguntza jasoko du bakoitzak.

Sanantolinetatik 25.000€ partida kendu eta Orozkoko komertzioentzat COVID-19ari aurre egiteko laguntzak sortu ditu Orozkoko Udalak. Hala azaldu zuten ekaineko udalbatzan. 

EH Bilduk  neurria berandu eta parte hartzeko espaziorik gabe hartu izana kritikatu zuen: "Errealitatearen diagnostikoa falta zaigu, neurria dimentsionatzeko. Tamaina honetako osasun krisi batean arduragabekeria da oposizioari ateak ixtea". EAJk ere antzeko iritzia plazaratu zuen, partida ez dela nahikoa erantsita: "Hau hasi baino ez da egin. Ez dugu uste irekiera laguntzera mugatu behar denik, diru kantitate hori ez da nahikoa". Batzuek zein besteek, ordea, elkarlana indartzeko beharra adierazi zuten. "Adiek bakarrik ez, beste alderdiek ere parte hartu genezakeen honetan, siglak aparte utzita", erantsi zuen zinegotzi jeltzaleak.

Pedro Mari Intxaurraga alkateak gobernu taldearen kreditu moldaketa argudiatu zuen, eta prozesua zehaztu: "Komertzio autonomo, artisau eta enpresa txikien zerrenda begiratu genuen lehenbizi parte hartzea sustatzeko -oposizioko taldeen eskura ere badagoena-, ur tasaren errolda ondoren, eta azkenik Adierena. Hiru zerrenda arakatu ditugu diagnostikoa eratzeko. 88 establezimendu dira, eta horren arabera ezarri dugu kopurua". Diru-laguntzaren bataz bestekoa 600€ ingurukoa izango da, gobernuburuak aurreratu duenez. EAJk eta Adiek neurriaren alde bozkatu zuten, eta EH Bildu abstenitu egin zen. 

Horrez gain, Aldundiaren eta udalaren arteko hitzarmena berritu zuten udalbatzan, beste lau urterako. "Diputazioak ordaintzen du eta, beraz, ez du gasturik suposatzen", azaldu zuen alkateak. Zerbitzu elektronikoak eskaintzen dizkie Diputazioak Bizkaiko udalei akordioaren bidez. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide