Orozkon egingo du aurten UdaRock udalekua Bilboko Muzzik eskolak, JBP Ekoizpenarekin elkarlanean. Olabarri-Andikoa auzoan egingo dituzte ekintza gehienak. Modu horretan, udalekuko ekintza guztiak kalean egin ahal izatea ahalbidetu nahi dute antolatzaileek. “Gure ustez, murgilduta gauden egoera honek zaintza eta libre sentitzeko zein arnasa hartzeko espazio seguruak behar ditu. UdaRock hau berezia izango da, giltzapetuta eta bizitzaz betetzen gaituzten jarduerak garatzeko aukera askorik gabe sentitu ondoren, funtsezko unea da inguratzen gaituen natura, espazio zabala, aire garbia, bizitzako funtsezko gauzak, musika, artea, konpainia, animaliak... ospatzeko”, adierazi dute.
Astebeteko ekimena izango da, 7-16 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa, eta hiru txanda egingo dituzte guztira. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra izango da lehena, uztailaren 6tik uztailaren 10era bigarrena eta uztailaren 13tik uztailaren 17ra hirugarrena. Saioek goizeko hamarretatik eguerdiko ordubietararte iraungo dute.
Xixo Yantani eta Eriz Perez irakasle
Eriz Perez musikari urduñarrak gidatuko du udalekua Xixo Yantanirekin batera. Muzzikeko irakasle-taldeak eta beste artista plastiko batzuk ere arituko dira dinamizazio lanetan. Modu horretan, “musikarekin, perkusioarekin, artearekin eta naturarekin lotutako jarduerak” egingo dituzte.
“Besteak beste, perkusioarekin, gitarrarekin, pianoarekin eta ahotsarekin lotutako klaseak jaso eta musikarekin eta naturarekin lotutako aisialdi jarduerak egingo ditugu”, aurreratu dute.
Segurtasun neurriak
Antolatzaileek nabarmendu dute hainbat segurtasun neurri hartuko dituztela udalekuan zehar, COVID-19 gaitza prebenitzeko.
Taldeak 15 pertsonakoak izango dira gehien jota, egunero hartuko dute tenperatura, 2 metroko segurtasun tartea mantenduko dute uneoro, maskarak eta gel hidroalkoholikoa banatuko dituzte eta espazio guztiak desinfektatuko dituzte, besteak beste.
Izen ematea
Izen ematea labur.eus/udarock2020 helbidean egin daiteke. Edozein zalantza izanez gero udarock2020@ni.eus helbidera idatzi daiteke.