"OrozkoKlik" argazki lehiaketa egingo da Orozkon irailean, 14 urtetik gorako bizilagunentzako. Parte hartzaileak udalerrian erroldatuak egon beharko dira nahitaez, eta Orozkorekin erlazionatutako hogei argazki bidali beharko dituzte gutxienez, udalak urtero argitaratzen duen egutegirako erabiliko baitira.
Argazki guztiak mailez bidali beharko dira infoinduma@yahoo.es helbidera “OROZKO KLIK 2020” izenburua jarrita. Era berean, parte-hartzaile bakoitzak datu pertsonalak, helbidea, kontaktua eta erabilitako kamera modeloa zehaztu beharko ditu, baita bildumaren izenburua ere. Irudiak JPG formatuan bidali beharko dira 1024x1024 pixeleko gutxieneko erresoluzioarekin.
Epailea argazkigintzan aditua den pertsona bat izango da eta irailaren 21ean jakinaraziko da ebazpena, udalaren webgunean. Irabazleak 300 euroko saria jasoko du.