Gentzane Aldai, Emakume Master Cupeko txapeldunorde

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko eka. 29a, 09:35

14-22 gailendu ziren Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi, Olatz Arrizabala eta Gentzane Aldai bikotearen aurrean. Irungo frontoian jokatu ziren finalak, 351 lagunen aurrean, aforoa beteta. Telebistaz eskaini ziren bi partidak.

Txapeldunorde izendapenarekin itzuli da Gentzane Aldai pilotari orozkoarra Aiaraldera. Atzo izan zen finala Iruneko frontoian, 351 lagunen aurrean.

Emakume Master Cup-eko antolatzaileek azaldu dutenez, kanpoan jendea sartu ezinik geratu zen, "eta ikuskizun polit batekin bete zen normalean gizonezkoei erreserbatutako telebista parrillaren zatia". Horregatik adierazi dute emakumeen pilota izan dela garaile Urantzu pilotalekuan, "pasatakoak pasata giro bikaina bizi ahal izan delako".

Goxua eta pilota mistoko finalak izan ziren atzo norgehiagoka nagusi, eta bigarren kategorian lehiatu zen Gentzane Aldai, Olatz Arrizabala gernikarrarekin batera. Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi izan zituzten aurkari.

Lehenbiziko urtea da pilota mistoan jokatu duena Aldaik, baita Arrizabalagak ere. Hargatik, pozik egoteko motibo asko dituzte, Emakume Master Cupekoek aitortu dutenez,  "txapelketa bikaina osatu dute eta". 

0-9 galtzen hasi ziren Aldai eta Arrizabalaga, baina partida 14-18 arte estutzea lortu zuten. Alabaina, 14-22 izan zen emaitza, eta ondorioz, bigarren postuarekin bukatu dute Emakume Master Cup txapelketa. Guztira 467 pilotakada izan zituen norgehiagokak, eta 54 minutu eta 23 segundo iraun zituen.

Goxua kategorian Maite Ruiz de Larramendi-Iera Agirre bikoteak jantzi zuen txapela, Nagore eta Leire Galeano ahizpak 22-7 irabazita. 

Argazkiak: Ixone Collado 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide