GENTZANE ALDAI CALONGE

"Txapela gabeko irabazlea naiz bidelagun dudan jendeagatik, hori da niretzat inportanteena"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko eka. 30a, 07:00
Irunen jokatu zen finala. / Ixone Collado

Olatz Arrizabalagarekin batera 14-22 emaitzarekin bukatu zuen Gentzane Aldai orozkoarrak Emakume Master Cupeko finala. Irunen (Gipuzkoa) jokatu zuten lehiaketako azken partida, baina bigarren postuarekin etxeratu behar izan dira. Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendik jantzi zuten pilota mistoko aurtengo txapela.

"Txapela gabeko irabazlea naiz bidelagun dudan jendeagatik, hori da niretzat inportanteena". Gentzane Aldai orozkoarraren hitzak dira, Emakume Master Cup txapelketako finalaren biharamunean. Igandean izan zen lehiaketako finala. Olatz Arrizabalaga gernikarra izan zuen bikote, baina ezin izan zituzten Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi garaitu. Hain zuzen, 14-22 gailendu zen bikote aurkaria, eta ondorioz, eurek jantzi zuten Emakume Master Cup-eko txapela.

Irungo Urantzu pilotalekuan izan ziren ekainaren 28an "goxua" eta "pilota mistoko" finalak, 351 ikuslerekin frontoia lepo zela. Lehenbizikoz aritu da orozkoarra pilota mistoan lehiatzen. Baita lehiaketan bikote izan duen Olatz Arrizabalaga ere. "Finalaren ostean zapore gazi-gozoarekin geratu gara, baina aurretik egindako lana oso ona izan da", adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari orozkoarrak. Espektatibarik gabe heldu ziren finalera, "eta benetan urte berezia izan da".

 

"Espektatibarik gabe lortu genuen finalerako txartela, eta benetan urte berezia izan da"

 

Partida gogorra izan zen Aldairentzat: "Olatz Arrizabalagak jokatzeko zegoela erakutsi zuen, nahiz eta zortea kontra izan. Nik, aldiz, ez nuen behar bezalako partida egin, eta atzeko koadroetan askoz gehiago izan zen Ruiz de Larramendi". Meriturik ez die kendu aurkariei, hala ere:  "Partida oso serioa egin zuten hasieratik, guk espero ez genituen akatsak egitera behartuz, eta horri esker merezitako txapela lortu zuten". Joko pertsonalarekiko presioak gailendu izanaren pena du, baina familia eta lagunen babesaren poza: "Txapelik gabeko irabazlea sentitu nintzen, eta hortaz, gutxigatik bada ere, gainditutzat ematen dut finala".

0-9 galtzen hasi arren, tartea 14-18 tantora estutzea lortu zuten, baina 14-22 bukatu zen norgehiagoka. "Berrogeialdian zehar lan fisiko asko egiteko aukera izan dugu, konforme gaude egindakoarekin, konfinamenduaren hasieran baino indartsuago atera gara". Hala ere, frontoietatik kanpo horrenbeste aste emateak eragina izan du, Aldairen esanetan: "Lehen entrenamenduetan nahiko sentsazio kaskarrak izan nituen. Pixkanaka erritmoa hartzen joan gara, eta azken entrenamenduak primerakoak izan dira, finalean igarri ez arren".

 

"Gauza asko daude hobetzeko, baina lanean jarraitzeko gogotsu nago. Kantxan gertatutakoa hor geratzen da"

 

Aurrera begira, "finalarekin hartutako mina kentzea" izango du helburu orozkoarrak, "gauza asko daude hobetzeko, baina gogotsu nago lanean jarraitzeko". Indar adina esker ditu, ordea, aurtengo txapelketa borobiltzeko: "Kantxan gertatutakoa hor geratzen da. Familia eta lagunei euren babes, maitasun eta beroagatik eskerrak eman nahi dizkiet, egunerokotasunean eurak alboan sentitzeak borrokatzeko indarra ematen baitit. Horrez gain, txapelketako bikote eta lagun izan dudan Olatz Arrizabalaga eta gure entrenatzaile Unai Arrizabalaga aipatu nahi ditut: pilotari ikaragarriak dira, baina pertsona hobeak. Benetan zorionekoa sentitzen naiz".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide