"Ilargi guztiak" izan da itxialdiaren ostean Euskal Herrian errodajea amaitu duen lehen pelikula. Filmaren grabaketaren zati bat Orozkon izan zen martxoaren hasieran. Zehazki, Urigoiti, Ugalde eta Zaloa auzunetan egon zen taldea martxoko lehen egunetan, baina martxoaren 13an bertan behera utzi behar izan zuten grabaketa.
Proiektuaren grabaketak bi hilabetez eten behar izan zituzten COVID-19ak eragindako krisialdia medio. Hala ere, ekainaren 1ean lanera itzuli ziren prebentziorako baliabide guztiak jarrita. Ekainaren 20an bukatu zituzten falta ziren pasarteak.
Edonola ere, itxialdiak iraun bitartean, pelikulako arduradunek irudien muntaketa egiteari ekin zioten, egitasmoarekin aurreratzeko.
Estreinaldia 2021ean
Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan girotuta dago "Ilargi guztiak" fantasiazko filma, karlistaldien amaieran. Igor Legarreta da zuzendaria eta antzezleen artean Itziar Ituño -La casa de papel, Errementari...- edota Josean Bengoetxea -Oreina- daude.
EITBk, TVEk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu dute pelikula, besteak beste, eta 2021ean estreinatzea aurreikusi dute.