Eusko Jaurlaritzak uko egin dio Orozkon gasa ustiatzeari

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 18a, 11:00
Frackingaren aurkako protesta Gorbeian. / Aiaraldea.eus

Eusko Jaurlaritzak iragarri du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian SHESA enpresa publiko-pribatuak uko egin diola gasa bilatzeari Orozkon.

Atzo Eusko Jaurlaritzak publiko egin zuen "Saia" baimenak 2012tik ematen zizkion eskubideei uko egingo diola. Zehazki, SHESA (Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi) enpresa publiko-pribatuak bertan behera utziko du gas eta hidrokarburoen bilaketa Orozkon.

Agindua Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailburuak eman zuen, urtebeteko luzapena urtarrilean amaitu ostean.

SAIA baimena Aiaraldean

Egitasmoa oso polemikoa izan da Aiaraldean, bereziki 2013an. Urte horretan proba sismikoak egin zituen SHESAk Orozkon, eta mota ugariko oposizioa topatu zuen. Alde batetik, jabeek eta Orozkoko Udalak ez zuten erraztasunik eman ezjabetzak gauzatzeko, eta 6 kilometroko lurraldean ezin izan zituzten lanak egin.

Horri gehitu behar zaio protestak eta sabotajeak ere gertatu zirela ibilbide osoan. Aiaraldean Orozkotik Luiaondora izan ziren proba sismikoak:

Kanpaina sismikoaren ostean Frackingaren aurkako jarduerak ez zuen etenik izan bailaran, harik eta hidrokarburoak eskuratzeko teknika hori debekatzen zuen legea Eusko Legebiltzarrean onartu arte.

Borroka ez da bukatu

"Fracking Ez Aiaraldea" plataformak pozik hartu du albistea: "Berri ona da, baina ezin da ahaztu Saia baimenak ahalbidetzen duela beste leku batzuetan putzuak egitea eta Araban Subijanako egitasmoa dago oraindik indarrean. Eusko Jaurlaritzak dio ez dutela Frackinga erabiliko, baina zer zentzu dauka lan horiek egitea ez bada gasa ateratzeko teknika hori baliatuta? Ura kutsatzeko arrisku handia ez ezik, aldaketa klimatikoa ere arrazoi indartsua da horrelako proiektuak gelditzeko".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide