Paseo luze zein laburrak emateko aukera ugari eskaintzen ditu eskualdeak; eta, Orozkok zer esanik ez. Itxina mendilerroaren magalean zein aurrean, ibilbide asko osatu daitezke. Horietako bat da Santa Marina ingurukoa.
Santa Marinara nola iritsi
Orozkokotik oinez zein autoarekin ailegatu daiteke Santa Marinako ermitara. Hilerritik gora egin behar da horretarako. Maiurturako seinaleari jarratuz -Orozkorako sarbidea kantera ingurutatik eginez gero- iritsiko da bidaidea Santa Marina helmuga duen errepidera. Donibane eliza eraberritua atzean utzita, Meatzako auzoa igaro behar da. Asfalto bidea izanik, ohikoa da oinez, bizikletaz zein kotxez bat edo beste gurutzatzea. Zuhaitz artean altuera maila handitu egiten da bisitariarentzat. Dena den, egarriagatik ez kezkatu: Santa Marinara iritsi aurretik iturri fresko-freskoa dago: Jesuripozoeta. Hain zuzen, bertatik ateratzen da Elorritxuganera doan pistetako bat. Elorritxuganetik Laudiorako ibilbidea ere egin daiteke, edota Jesurira hurbildu. Oso ohikoa da ardiak, behiak edota zaldiak topatzea bidexka edo zuhaitz artean:
Jesuri eta Arriurdin
Santa Marinan autoa aparkatuta, erraz topa daiteke Jesurirako bidea. Izan ere, seinaleek inguruko tontor eta auzoen denbora zein distantzien erreferentziak ematen dituzte. Ibilaldiaren hasiera eta amaiera puntua Santa Marina izango da kasu honetan. Azpimarratzekoa da ermita eta aterpetxeak barbakoa egiteko gunea edota jan zein atsedenerako mahai eta bankuak dituela. Zalantzarik gabe, Untzueta, itxina edota Gorbeia aurrean ditugula bista izugarriekin egiten da topo.
Santa Marinatik errepide pista hartuta, Jesuri, Elorritxugane eta Aiurdinerako bidegurutzera heltzen da. Jesurira kilometro bateko distantzia soilik dago, eta ez du aldapa handirik. Hargatik oso egokia da familia giroan edota umeekin egiteko.
Jesuriko gainetik Gorobel mendilerro osoa ikusten da, eta eguraldia ona bada Gasteizeraino luzatzen da ikus eremua. Era berean, Amurrio eta Aiarako zelaiek pizten dute mendizaleen arreta. 724 metro ditu Jesurik, eta Arriurdin tontorrera (720 metro) 10 minutu eskas daude. Bertatik Gorbeia eta Oderiagako gailurrak dira bisitarien begitara gailentzen direnak. Santa Marinako ermita ez da bistatik sekula galtzen, beraz, ez du galbiderik zeharkaldiak.
Guztira, ordubete inguruko itzulia da Santa Marina-Jesuri-Arriurdin hirukotea. Elorritxugane ibilbidean txertatuz gero, ordea, 1.5-2 orduko buelta bihurtzen da oinezkoentzat. Alabaina, bizikletaz zein korrika gozatzeko ere txango labur bezain polita da. Mendi animaliak eta gizakiak elkar errespetatzen duten paradisua.