Erreskate baten aurrean jakingo al zenuke noiz edo nola lagundu? Ane Intxaurraga Garciak mendi erreskateen masterra egin zuen. Helikopteroan lan egiteko profesional gisa lan egin zezakeen, baina eski geltoki batean aritu zen lanean. “Mendian ibiltzeko oinarrizko ezagutza batzuk guztiok jakin beharko genituzke, hemorragia geratzen kasu”, dio. Arroparekin ondo lotzea eta presioa egitea da horretarako gakoa, erietxera edo mediku baten eskuetara iritsi arte: “Txikitatik ikasketa horiek jaso beharko genituzke, oinarrizko inmobilizazioa eta botikina erabiltzen, besteak beste”.
Mendi kiroletan, esaterako, badira botikinean falta ezin diren zenbait elementu: “Compeeda delakoa, benda zati bat... Gaua pasatu behar izanez gero, manta termikoa eramatea gomendagarria da ere, edota buruko linterna”. Horrez gain, uste du herritar oro izan beharko litzatekeela birikako erreanimazioa egiteko gai: “Pertsona kontziente ez dagoenean eta arnasten ez duenean egin behar da. Eskuaren beheko partearekin, esternoiaren erdialdean egin behar da indarra (30 konpresio heldua bada, eta 2 ahoz ahoko aire emate). Lur zoru horizontalean etzan behar da gaixoa, eta burua atzerantza jarri behar zaio. Pertsonaren aire bidea zabalik egon behar da, horregatik jartzen zaio esku bat bekokian eta bestea masailezurrean”.
Mendi eskian, aldiz, zunda, arba eta pala ditu ezinbestekotzat Intxaurraga Garciak: “Erabiltzen jakin behar dira, ordea. Horrela, seinalea igortzen da pertsona bilatzeko; eta palarekin errazago aterako dugu”. Edozelan ere, baldintza metereologikoak aztertzea da onena beti; eta arriskuak murrizteko kaskoa erabiltzea.