ERREPORTAJEA

Gaztaina, Orozkoren funtsezko osagaia

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abu. 28a, 07:59
Gaztaina Egunaren XX. edizioa izango da aurtengoa.

Zergatik da garrantzitsua gaztaina orozkoarren bizitzetan? Iñaki Garcia Uribe ikerlariak kontatu ditu herriko iraganean eta orainean gaztainondoaren presentzia eta garrantzia.

Orozkoko historia eta ondarearen funtsezko osagaia izan dira gaztainak. Produktu horrek berebiziko funtzioa bete zuen herriaren ekonomian, oinarrizko elikagai moduan erabiltzen zelako eta baita kanpora esportatzen zelako ere. Hala dio Iñaki Garcia Uribe ikerlariak: “Orozko izan zen gaztainaren munduko hiriburua”. Bere hitzetan, duela 400 urte ekin zioten orozkoarrek gaztainak hartu eta kanpoan saltzeari: “Astero itsasontziak ateratzen ziren Bilboko portutik gaztainak Alemaniara, Herbehereetara, Ingalaterrara eta Bartzelonara eramateko”. 1778. urtean gertaera esanguratsu bat jazo zen: gaztaina-saltzaileen matxinada. “Iruzur egin zieten”, azaldu du Uribek, “kilo bakoitzeko sei erreal ordainduko zietela esan zieten, baina Bilbora iritsi zirenean lau erreal baino emango ez zietela esan zieten. Biltegiko ateak bota zituzten eta bertan sartu zituzten gaztainak. Orduan korrejidorea agertu zen, erregearen ordezkaria. Gertatutakoa entzun zuen eta arrazoia eman zien gaztaina saltzaileei”.

Kirikiñausien ibilbidea

Gaur egun gaztainak erabat galdu du bere garaian zuen pisua, baina garrantzi horren arrasto andana topatu daitezke. Kirikiñausiak dira deigarrienak. Harriz osatutako zirkuluak dira, gaztainak gorde eta sikatzeko baliatzen zirenak. “Orozkon 40 kirikiñausi dauzkagu. Horrek esan nahi du mota horretako azpiegituren heren bat baino gehiago daudela herrian. Hori garrantzitsua da, Europan ez dago parekorik”, nabarmendu du Uribek.  Kirikiñausi horiek berritu eta ibilbidea osatu du Supelaurrek, eta Gaztaina Eguna antolatzen du urrian. Aurtengoa XX. edizioa izango da, baina ikusteke dago egin ahal izango duten. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide