Bertan behera geratu da Orozkorock jaialdiaren bigarren edizioa

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abu. 21a, 13:26
Iaz ospatu zen jaialdiaren lehen edizioa. / Aiaraldea.eus

Sarreren dirua itzultzeko argibideak eman dituzte antolakuntzako kideek, eta 2020a “guztiz galdutzat” ematen ez dutela ohartarazi dute. 

Azkenean ez da Orozkorock jaialdirik egongo aurten. Maiatzean zen egitekoa ekimenaren bigarren edizioa. COVID-19ren pandemia zela eta urrira atzeratu zuten, ordurako egoera bideratua egongo zelakoan. Orain, aldiz, aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki dute, ezin daitekeela “guztioi gustatuko litzaigukeen baldintzetan” ospatu iritzita.

“Gaur egun gertatzen ari diren berragertzeen egoera ikusita, eta sektorearen eta, bereziki, gure taldearen ziurgabetasuna ikusita, uste dugu ez dela bideragarria jaialdia hasiera batean proposatu zen formatuan egitea, bai zuen, zein gure segurtasunagatik ere”. 

Antolatzaileen ustez, musika jaialdiek “espazio ziurra” izan behar dute, “inolako kezkarik gabe gozatu ahal izateko”. “Mota guztietako protokoloak eta segurtasun neurriak” prestatzen aritu dira baina, euren ustez, kontzertuez eserita, musukoarekin eta 1,5 metroko tartearekin gozatzea ez litzateke “jaialdi on baten eredu” izango. Horregatik erabaki dute ekimena bertan behera uztea, 2021ean “inoiz baino indar gehiagorekin” itzultzeko.

Hurrengo edizioari begira, “ezusteko eta berrikuntza ugari” izango direla aurreratu dute. “Jakin ezazue 2020 hau ez dugula osorik galdutzat ematen, eta laster emango dugu gure asmoen berri”. 

Sarreren itzulera

Jaialdirako sarreren diru bueltatuko dute, jakinarazi dutenez. Internet bidez erositakoak automatikoki itzuliko dira. Orozkotik kanpo erositako txartelen kasuan, salmenta puntuetara sarrera eramanda eskuratu daiteke dirua. Herrian erositako sarrerentzako, aldiz, bi egun jarri dituzte dirua jasotzeko: abuztuaren 28a eta irailaren 5a. Bi egun horietan Zubiaur plazan egongo dira Orozkorock elkarteko kideak, 18:00etatik 21:00etara beharrezko argibideak eman eta kontu ekonomikoak ixteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide