Gorbeia Jomuga Turistikoak irteerak bultzatuko ditu, uda guztian egiten ari diren eta udazkenean ere jarraipena izango duten lagundutako zenbait bisitaren bitartez. Larunbat honetako, abuztuaren 29ko, ibilbidea Zubiaurretik Izartzako Pagadiraino izango da. Mendiko egun pasa Orozkon dagoen Gorbeiako Turismo Bulegotik abiatuko da, gidariarekin, Arrola mendian dagoen Izartzako pagadira iritsi arte.
Irteera 11:00etan izango da, 3 ordu iraungo ditu, 10 kilometro ditu, zailtasun baxu-ertainekoa da, eta oso prezio erakargarria du: 3 euro, helduentzat (12 urtetik gorakoak); 1,5 euro, umeentzat (6-12 urte); eta 6 urtetik beherakoek dohainik. Prezioaren barruan pintxo-pote bonu bat sartzen da helduentzat eta freskagarri bonu bat haurrentzat Itzina Tabernan.
Erreserbak ostegunera arte egin ahal izango dira gorbeiaeuskadi.com webgunean edo Turismo Bulegora deituta; eta ostiralean Turismo Bulegora zuzenean deituta, 946 122 695 telefono zenbakira.
