Sanantolinak izango dira gaur protagonistak Sukalerria telebista saioan

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 2a, 10:00
Gaur eskainiko duten saioaren irudia./ Felix Mugurutza

Gaur 13:00etan emitituko dute Joseba Argiñanoren atal berria eta sanantolinei buruz arituko dira, besteak beste. Orozkori lotutako ohiturak Felix Mugurutzak azalduko ditu. Horrez gain, etorkizunean Orozko berriro agertuko da saioan, Julia Barberena eta Zigor Gorostiagaren bidez.

ETB-1eko Sukalerria saioak gaur Berakatz Eguna izango du ardatz. Horretarako Orozko eta Plentziara joko dute. Izan ere, gaur ospakizun hori antolatu beharko litzateke, baina COVID-19aren ondorioz bertan behera utzi dituzte jaiak.

Orozkoko gastronomia eta historiari buruz Felix Mugurutza mintzatuko da. Sare sozialetan adierazi duenez, "bertako Berakatz-egunaz hitz egingo dugu: zein den bere jatorria, nola irudikatzen zen berakatzekin jai hori, emakumezkoen protagonismoa... Eta Orozko izanda, nola ez, beste behin, garrafa goxoa dastatuko duzue pantailaren bitartez".
 
Grabaketa bi egunetan banatu zuten, Felix Mugurutzak Aiaraldea hedabideari azaldu dionez. Ekainaren 20an Zubiaur eta Ibarran egon ziren; eta uztailaren 14an, Joseba Argiñanok Zarautzen duen platoan. Gaurko atalean, hortaz, aiaraldearra kuzinatzen agertuko da aurkezlearekin, baita Orozkon bertan hartutako irudietan ere.
 
Etorkizunean Orozko berriro Sukalerrian
 
Gainera, Sukalerriak grabaketa gehiago egin ditu Orozkon, baina beste egun batean eskainiko ditu. Saioko langileak Julia Barberenarekin aritu ziren pasa den astean. Emakumeak Presatxu auzoan ogi eta euskal pastel famatua prestatzen du bere senarra Pablo Azkoagarekin batera.
 
Itxipaneko Okela proiektuarekin ere batu ziren telebista saiokoak. Zigor Gorostiaga ekoizleak zenbait pasadizo kontatu zizkien, baina, gehienbat, euren filosofia azaldu zien: "Gure okela modu zuzenean saltzen dugu eta guztiz eredu ekologikoa ez badugu lantzen ere, hori da gure helburua. Zentzu horretan, gure aburuz, ez da nahikoa kilometro zerokoa izatea, edo Euskal Herrian ekoiztea. Garrantzitsua da ere nola elikatzen diren animaliak, lehengai transgenikoak erabiltzen diren, inguruko bazka baliatzen den, eta zer nolako eragina duen gure jarduerak ingurumenean. Adibidez, gu saiatzen gara Orozkoko mendi publikoetan elikatzen gure behiak. Horrela guk lortzen ditugu onurak, baina baita mendizaleek eta herritarrek ere, inguruak garbitzen dira eta. Tokiko arrazekin ere lan egiten dugu, Terreña, adibidez, ingurura egokituta baitago".
 
 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide