Abuztuaren 20an kaleratzea egon zen Orozkoko Artiach enpresan. Sindikatuen arabera, diziplina bidea baliatu zuen zuzendaritzak horretarako, eta gutun bidez jakinarazi zion langileari.
Gaur bertan bilerak deitu dituzte lantegian -batzar bakarrean ezinezkoa zen COVID-19aren prebentzio neurriak betetzeko- eta erabaki dute lanuzteak egingo dituztela kaleratzea salatzeko.
ELA, LAB eta ESKren asmoa da ekoizpena gelditzea irailaren 14an, 15ean eta 16an. Txanda bakoitzean bi orduz deituko dituzte beharginak protestara, eta elkarretaratzea egingo dute lantegiaren kanpoko aldean; 04:00etatik 06:00ak arte, 09:00etatik 11:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte, hain zuzen.
Pandemia dela eta mobilizazioak legeztatzeko epeak betetzeko arazoak egongo balira, datak aldatuko lirateke.