COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiteko laguntza ekonomikoak izan zituzten hizpide Orozkon asteartean eginiko Udal Osoko Bilkuran. Orain arte emandako laguntzen nondik norakoak azaldu zituen Pedro Mari Intxaurraga alkateak, besteak beste.
Zerbitzu sozialen bidez 74 pertsona lagundu dituzte guztira: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten 48 lagun eta Gizarte Larrialdiko Laguntzak jasotzen dituzten 26. Uztailera arte 31.358,52€ bideratu dituzte zeregin horretara, eta beste 14.829€ baliatzea aurreikusi dute. Diru horren gehiengoa Eusko Jaurlaritzatik dator. Erakunde horrek 20.395€ eman zizkion urte hasieran udalari zeregin horretan baliatzeko. COVID-19aren pandemia dela eta, beste 14.188€ gehitu zituen gero. Udalak, bere aldetik, 11.605€ jarri ditu.
Udalak kreditu moldaketa bat egin zuen pandemian, 90.000 euro bideratzeko herriko familiak laguntzera
Horrez gain, udalak kreditu moldaketa bat egin zuen pandemian, 90.000€ bideratzeko herriko familiak laguntzera. Bost familia lagundu dituzte guztira orain arte, 16.246,93 eurorekin, eta beste 73.753€ geratzen zaizkie urte amaierara arte baliatzeko.
Elikagai bankuak
Elikagai bankuak udalerriko 26 familiari (78 pertsona inguru) ematen dizkie jakiak hilabetean behin, Intxaurragak udalbatzan argitu zuenez. “Gainera, bi urtean behin Gurutze Gorriak errefortzua eskaintzen du. Horrez gain, Tubacex enpresak 7 familiari bazkariak eskaini dizkie egunero, maiatzaren 18tik uztailaren 30era”.
Autonomoentzako diru-laguntzak
Autonomoentzako diru-laguntzak ere abian daude, alkateak erantsi duenez. 25.000€ bideratu dituzte zeregin horretara, eta 14 autonomo lagunduko dituzte guztira. Bati 500 euroko laguntza eman zaio, zortziei 1.000 eurokoa eta azken bostei, aldiz, 1.750 eurokoa. Horrez gain, terrazen tasa eta ur, estolderia eta zabor zergak barkatu zaizkie. Gauzak hala, tokiko erakundeak 44.802,66€ inbertitu ditu benetan autonomoei laguntzen, alkatearen azalpenen arabera.
EH Bilduk tokiko merkatariekin abiatzekoa zen bono kanpainaren egoeraren inguruan galdetu zuen. Alkateak aitortu zuen egitasmo hori egiteke dutela oraindik. Ostalariren batekin hitz egin zutela aurreratu zuten, eta ekimenean interesa erakutsi zutela, “baina nola egin aztertu behar dugu”.
Zerbitzu sozialen bidez 74 pertsona lagundu dituzte guztira
Erregu eta galderak
Beste hainbat gai ere landu zituzten erregu eta galderen atalean. EAJk udaltzain berria hautatzeko prozeduraren inguruan galdetu zuen. Alkateak azaldu zuen 13 hautagai aurkeztu zirela, eta hautaketa fasea abiatuko zela.
EH Bilduk, aldiz, eskolaren egoera izan zuen hizpide, udaletik zer laguntza eskaini den galdetuta. Alkateak adierazi zuenez, hainbat bilera egin dituzte hezkuntza zentroko arduradunekin, eta maskarak, gela eta bestelako elementu batzuk eman dizkiete. Hala ere, laguntza gehiago eman baino lehen, eskumena zein erakunderena den zehaztu beharko litzatekeela nabarmendu zuen Intxaurragak, “udalarena edo jaurlaritzarena”.