ARGAZKI KRONIKA

Asier Galarza garaile, Orozkon jokatutako sailkapen faseko bertso saioan

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 17a, 08:50

Atzo hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Orozkon izan zen lehenbiziko saioa, eta Asier Galarza nagusitu zen Donibane Aretoan. Bertsozale elkarteko webgunean topa daiteke saioei buruzko informazio guztia.

Lekeitio eta Orozko izan ziren Bizkaiko bertsolari txapelketako lehen geltokiak. Aldi berean izan ziren bi saioak, eta seina bertsolari aritu ziren kantuan. Asier Galarza Garaik 185 punturekin lortu zuen lehen postua, eta haren atzetik geratu ziren, hurrenez hurren, Asier Alcedo Cano (167,5), Iker Garitagoitia Astiragarra (160,5), Joseba Barandiaran Andueza (153,5) eta Jontxu Martinez Zarrabeitia (119). Aitor Ruiz Urizarren ordez, Janire Arrizabala Munduate ordezkoa aritu zen, eta beraz, puntuazio sistematik kanpo geratu zen. Dena den, saio polita josi zuen gazteak. 

Denetariko gaiak

Zortziko handian ume jaioberriarentzat opari bila jarri zituen Oier Iturralde Fernandez gai-jartzaileak Jontxu Martinez eta Janire Arrizabala. Denda guztietan galdetu zieten haurraren sexua. Arrizabalak gogor heldu zion gaiari, "nik dakidala jostailuek ez daukate sexurik" argudiatuta.

Bigarren bertsoan "neskato batek zer ba ezin du kamioiekin jolastu?"  abestu zuen, eta hirugarrenean proposamen zehatzarekin borobildu zuen saioa: "Ideia izan dut hala / Barbie ta kotxe bat erosita berak hautatu dezala".

Asier Alcedo eta Joseba Barandiaran komertzialen azalean aritu ziren, inoiz erosiko ez lituzkeen produktuak saltzen. Alcedok argi utzi zuen bere lana: "Kea saltzen dut hilabetero ogia etxeratzeko".

Iker Garitagoitia eta Asier Galarza, berriz, jatetxeko sukaldari bihurtu ziren, higiene arauengatik soberakinak botatzera behartuta zeudela. Gogoetarako zenbait elementu bota zituzten biek ala biek. Galarzak, esaterako, "Guk nahi den dena hartu ahal dugu, baina behar dutenek ez" kantatu zuen lehenbiziko bertsoan, eta Garitagoitiak "Nola azaldu behar diegu dirua ez dela jaten?" erantzun zion.

Zortziko txikian umoretik jo zuen saioak. Alcedo eta Arrizabala bikote ziren, eta Janireren bizikleta salgai jarri zuen Inteneten Asierrek. Arrizabalak wallapopa gehiegi gustatzen zitzaiola esan zion ofizioaren lehen zatian, eta Alcedok lasai egoteko gurpilak kendu zizkiola saldu aurretik erantzun zion. Galarzak eta Martinezek lore-dendako gorabeherak izan zituzten hizpide. 

Bakarkakoen txanda heldu zen, segidan: bina bertso osatu behar izan zituzten puntu-erantzun ariketan, eta bakarkako lanean. Plastikoa ez kontsumitzea erabaki duen pertsona, etxetik bakarrik joatea erabaki duena, ikasturteko lehen egunera umea daraman gurasoa edota haurraren urtebetetzean kanpoan den kamioilaria izan ziren protagonistak, besteak beste. 

Prebentzio neurri ugari

Koronabirusa ekiditeko nabarmena izan zen Bizkaiko Bertsozale Elkarteak hartutako konpromisoa. Izan ere, ez-ohiko irudia nagusitu zen Donibane Aretoan: bertsolariek lehen lerroan -publiko artean- zuten aulkia, eta oholtzara kantatzera soilik igo ziren.

Horrez gain, abestu behar zuten aldiro babesteko zorroa jartzen zioten mikrofonoari; eta oholtzan bertsolaria aldatzen zen aldiro mikrofonoa desinfektatzen zuen antolakuntzako kide bat zegoen. Sarrera-irteerak ere pilaketak ekiditeko sistemarekin gauzatu zituzten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide