Morian -Grezia- dauden errefuxiatuentzako janari bilketa egiten ari da Zaporeak elkartea Euskal Herriko dozenaka herritan. Orozkon datorren ostiralean -urriak 2- egingo du elkartasun ekimena, Zubiaur plazan.
Bertan egongo dira Zaporeak elkarteko kideak arratsaldeko seietatik aurrera, mota guztietako jakiak biltzen. Honako hauek dira, zehazki behar dituzten produktuak: arroza luzea, garbantzuak, dilistak, babarrunak, makarroiak, atuna, sardinak, oliba olioa, espezieak, esne hautsa eta barrita energetikoak.
Moriara bideratuko dituzte bildutako elikagai guztiak. Izan ere, hango errefuxiatuen kanpalekuak su hartu zuen hilabete hasieran eta 12.000 pertsona baino gehiago babesgabe geratu dira, elkartetik nabarmendu dutenez.
Laguntza ekonomikoa emateko aukera ere zabaldu dute. Zehazki, diru-transferentziak egin daitezke ondoren kontuetara: Kutxabank: ES32 2095 5011 80 9115250322 edo Laboral Kutxa: ES71 3035 0103 88 1030035880. Bizuma ere badute Zaporeakeko kideek: Zaporeak Proiektua – 00435.