HITZALDI-KRONIKA

Orozkoko genealogia: sustrai eta adar asko dituen zuhaitza

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 8a, 06:00
Donibane Aretoan eskaini dituzte hitzaldiak. / Aiaraldea.eus

Genealogiari buruzko bi hitzaldi eskaini dituzte Sabin Etxebarriak eta Maite Egiak. Orozkoko abizenen bilakaera aztertu du Etxebarriak, eta ikerketaren ondorio nagusiak plazaratu zituen Donibane Aretoan. Maite Egiak, aldiz, herriko historiako hainbat pasarte ezezagun azaleratu ditu.

Sustrai eta adar asko ditu Orozkoko zuhaitz genealogikoak. Hori argi geratu da azken bi asteetan Donibane Aretoan egin diren solasaldietan. Genealogiari buruzko bi hitzaldi egin dira Donibane Aretoan, irailaren 25ean lehena eta urriaren 2an bigarrena.

Sabin Etxebarriak eta Maite Egiak hartu dute hitza solasaldietan. Ez da lehengo aldia izan; duela urtebete ere antzeko solasaldia eskaini zuten biek, toki berean. Baina aurten eduki berriak mahaigaineratu dituzte. Etxebarriak konfinamendua baliatu zuen Orozkoko genealogiari buruzko lan mardula osatzeko. 1900 eta 1937 urteen arteko dokumentazioa kontsultatu du, azken bost mendeetan Orozkon egon ziren familiei buruzko informazioa eskuratzeko. 28.459 bataio akta topatu ditu guztira, eta Orozkoko ehunka abizen bildu ditu horrela, 828 guztira. 

Udalerriko genealogiari buruzko ondorio interesgarriak atera ditu horrela, abizen ohikoenak zeintzuk ziren, adibidez. Echebarria, Olabarria, Ugarriza eta Sautua ziren familien artean gehien errepikatzen ziren abizenak. “Hala ere, Orozkon jende nahasketa handia dago”, ohartarazi du Etxebarriak, “horregatik, oso zaila da abizen guztiak Orozkokoak izango lituzkeen norbait topatzea”. Bestelako bitxikeria batzuk ere topatu ditu ikerlariak izen-abizen anabasan. “Emakume batek 14 seme-alaba izan zituen, eta Orozkon jaiotako jende ugarik atzerrian bizitzen amaitu zuen”. 

Orozkon azken bost mendeetan egondako abizenak bildu ditu Sabin Etxebarriak. Maite Egiak, aldiz, herriko historiaren hainbat pasarte  bitxi ikertu ditu

Bitxikeriak bitxikeri, bildutako informazioa orozkoarrentzat oso interesgarria izan daitekeela nabarmendu zuen Etxebarriak, familia guztien zuhaitz genealogikoak egiteko balio duelako. Gauzak hala, informazioa auzolanean osatu eta digitalizatzearen ideia jarri zuen mahai gainean. “Informatika ezagutzak dituen norbaitekin kontatzea ondo legoke. Norbait laguntzeko prest badago nirekin harremanetan jarri daiteke”. Ikerketa toponimiko bat egitea ere interesgarria izango litzatekeela uste du, “Orozkon dauden baserri guztiak lokalizatu eta zein familiarenak diren zehazteko”. 

Azken mendeetako bitxikeriak

Maite Egiak bigarren egunean hartu zuen hitza, eta Orozkon XIX. mendean jazotako hainbat gertakari bitxi izan zituen hizpide, artxiboetan topatutako datuak baliatuta. Gerra Karlistak, adibidez, zeresan handia izan zuen herrian. Hipolito Domingo Muruaga  Amezaga bilbotarraren istorioa kontatu zuen Egiak, besteak beste. Gerrako lehen fusilatua izan zen. Orozkon epaitu, kondenatu eta exekutatu zuten, Zubiaur plazan. 

Orozkoko emakume bat ere fusilatu zuten Bilbon gerran, “traizioagatik”. Bere alaba ere epaitu zuten, baina heriotza zigorraz libratu zen. Soldaduak limurtu eta bandoz aldatzera  bultzatzea  leporatu zieten biei.  

Hitzaldiak ikusgai

Datu eta informazio andana plazaratu zuten Etxebarriak eta Egiak bi solasaldietan. Artikulu honetan  laburpen txiki bat baino ez dugu plazaratu. Hala ere, interesa izanez gero, aukera dago hitzaldiak berriro entzuteko. Izan ere, Orozkoko Udalak bideoz grabatu zituen bi emanaldiak, eta herritarren esku utziko ditu ikus-entzunezkoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide