BELATE OLABARRIA ASTOBIZA

“Plazak sortutea da helburu nagusia, horrek emoten dautsolako zentzua Bertsozale Elkarteari”

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urr. 12a, 07:12
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakari izendatu dute Belate Olabarria Astobiza. / Gurene Grande

BELATE OLABARRIA ASTOBIZA (Orozko, 1979) izendatu dute Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakari aurten. Bertsolariei plazak eskaintzea dute helburu, koronabirusak oholtza zaildu arren. Elkartearen egitasmo eta erronkez mintzatu da orozkoarra.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakari kargua hartu berri duzu. Erronka handia al da?

Bai, ilusinoz ekingo dautsedan erronka handia da. Hain talde anitza eta jendetsua ordezkatzea erronka handia da, baina ohorea bere bai. 
 
Noiztik edo nondik datorkizu bertsolaritzarekiko lotura?

Eskolan gengozala, Juanjo Respaldiza etorten zan bertso eskolak emoten, eta hor hasi nintzen bertso mundua ezagututen. Gero, bertso saioetara eroaten gintuen Juanjok berak, eta hor hasi nintzen zaletuten.
 
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa alboratu behar izan duzue. Zer suposatzen du horrek elkartearentzat?

Elkartearentzat txapelketa urtea sano urte berezia da, saio bakoitza jaia dalako eta, aldi berean, bertsozaleak alkartuteko aukerea emoten dauelako. Saioak astegoienetan badira bere, aste osoan egoten gara saioak, gaiak, puntuazinoa eta abar komentetan; beraz, hutsune handia da bertsozaleontzako.
 
Nolako osasuna ikusten diozu Bizkaian bertsolaritzari?

Bizkaiko bertsolaritza osasuntsu dagoela esango neuke. Horren seinale da eskualde gehienetan bertso eskolak egotea, hezkuntza arautuan 200 ikastetxetan baino gehiagotan eskolak eskaintzea, eta 400 bertso saiotik gora antolatutea urtean.

“Pandemiaren eraginez, bertso saioak antolatuteko zailtasun handiak daukoguz”

Eta Aiaraldean?

Bizkaiko elkarteak Arakaldon, Arrankudiaga-Zollon eta Orozkon eragin ahal dau. Baina geografiaz harago, eskualdean bertso saioak antolatuten badira bere, eta bertso eskolak egon arren, gure helburuen artean dago Arabako elkarteagaz alkarlanean, Aiaraldeko bertsolaritza sustatzen segidutea.
 
Proiektu ugari ditu eskuartean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Zeintzuk dira, zure ustez, azpimarragarrienak?

Plazak sortutea da helburu nagusia, horrek emoten dautsolako zentzua Elkarteari. Elkarteak plaza dauko helburu, baina horra heldu arte bertsolariaren bidelagun da eta proiektuak diseinatzen dauz helburu hori lortuteko. 

Esate baterako, Ahalduntze Bertso Eskola, barnetegiak, Bertso Eskolen Egunak, bertso udalekuak, Eskolatik plazara, Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista, epaile eta gai jartzaileen formazioa, Sakontze Bertso Eskola, Plazara! eta abar.

Haur eta gazte ugari dituzue Bertso Eskoletan. Zein ekarpen egiten du bertsolaritzak aisialdi esparruan?

Ahozko euskal kultura transmititeko aukerea emoten dau. Ganera, errealitate linguistiko diferentea daukien herrietan dagoz bertso eskolak, halanda ze, ingurumari erdaldunetako haur eta gazteak aukera daukie euskaraz eta euskaragaz olgetako.
 
Hezkuntzan ere egitasmo sendoa duzue. Zenbat ikasle edo eskoletan lantzen da? 

Orain 9500 ikasle inguru daukoguz, 200 ikastetxetan banatuta, gitxi gorabehera. Horrez ganera, hezkuntza araututik kanpora, bapateko taldeak dagoz, beste 200 ikasle inguru. Hezkuntza arautuan eginiko beharraren ondorio dira, zelanbait esateko.

Hezkuntzari jagokonez, aisialdian esan dogun moduan, euskaraz eta euskaragaz olgetako aukerea emoten dau, baina modu ludikoagoan.

Gazte sortzaile asko dago bat-batean aritzeko prest. Plazak zaildu dira, ordea...

Bai, COVID-19aren eraginez, bertso saioak antolatuteko zailtasun handiak daukoguz, baina bertso eskolei, herrietako alkarteeri eta bertso zaleeri esker, saioak antolatuten dira, eta Elkartearen helburua horretan indarra imintea da, bertso saioak modu seguruan antolatuteko eta bertsoez gozatuten segiduteko.
 
Nola eragin du koronabirusak bertsolaritzan?

Batez be sortzaileengan euki dau eragin negatiboa, lehen esan dodan moduan, bertso saioak eta, orohar, kultur ekitaldiak antolatuteko zailtasunengatik.
 
Euskal Herrian Ahalduntze Bertso Eskola abiatu duzue. Elkarteak gizartearen beharretara egokitzearen aldeko apustua egiten al du?

Duda barik. Bizkaiko Bertsozale Elkartea bere bizi dogun errealitateari egokituteko etengabe dabil beharrean.

Zeuk esan dozun moduan, Ahalduntze Bertso Eskola emakumezko bertsolarien jendaurreko plazaratzean lagungarri izateko helburuagaz sortu zan, eta Bizkaian bere emakume gaztetxuak plazara urtetako orduan zailtasunak daukoguzanez, horretan gabiz buru-belarri. 

“Gure helburuen artean dago Arabako elkarteagaz alkarlanean Aiaraldeko bertsolaritza sustatzen segidutea” 

Datorren urtean jokatuko da Euskal Herriko Txapelketa Nagusia, lau urtean behin izanik, eta pandemia medio, kolokan al dago?

Bizi dogun sasoian kontu asko dagozela kolokan esango neuke, baita Euskal Herriko Txapelketa Nagusia bere. Edozein modutan, gox da horretan sakonduteko eta udagoiena zelan doan ekosi beharko dogu ezer ebazteko.
 
Potolari eskola sortu zenuten Orozkon. Zeintzuk dira zuen aurtengo erronkak? 

Urtero legez, bertso eskolak bere horretan funtzionatzea da gure helburua, hau da, herritarrek izena emotea eta bertso eskolak egotea. Azken urteotan, baie, ez dogu lortu talderik osatutea. Ahaleginean segiduko dogu.

Horrez gain, beste erronka da urtero antolatuten dogun bertso bazkariagaz aurrera egitea. Urteroko hitzordua bihurtu da, eta holan segidu daiela gura dogu, jakina.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide