Orozkorock jaialdiaren 2020ko edizioaren azken emanaldia izan zen atzo udalerriko Txopera parkean. Sarreran prebentzio neurri guztiak hartu zituzten eta tenperatura neurtu ez ezik, hidrogela eskaini eta ikusle guztiei datuak ere hartu zizkieten antolatzaileek.
20 minutuko atzerapenarekin abiatu zen emanaldia, eserleku guztiak beteta, eta Moonshine Wagon taldeak bere rock amerikarra jaurti zien jarraitzaileei, hotza eta gaua publikoaren gainean erortzen zen bitartean.
Musikariek eskerrak eman zizkieten bertaratutakoei zein antolakuntzari eta, nahiz eta ez ohiko testuinguruan jo, gozatzeko gonbidapena luzatu zuten. Halaber, txantxen artean, taldekideek gogoratu zuten musika sortzaileak ahaztuak izan direla pandemian, eta oso zaila egiten zaiela zuzeneko saioak egitea.
Aulkitik mugitu gabe ere, publikotik askok hanka astinduta ekin zioten dantzatzeari, eta 20:30ak aldera amaitu zen kontzertua, taldeak zenbait ezusteko bertsio jo ostean.