Abenduaren 4an egingo da Orozkoko Film Laburren Lehiaketaren V. edizioa

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 2a, 12:00
Iaz egin zuten rallya lehenbiziko aldiz. / Supelaur elkartea

Egun berean egingo dira Film laburren rallya eta lehiaketako sari banaketa, Supelaur kultur elkartearen eskutik. 

Orozkoko Film Laburren Lehiaketak badu data. Abenduaren 4an egingo da ikus-entzunezkoak protagonista dituen jaialdi horren 5. edizioa. Aurreko urteetan bezala, bi ekimen egongo dira.

Alde batetik, ohiko lehiaketa egongo da. Abenduaren 2ra arte egongo da lanak entregatzeko epea. Ondorengo helbidera bidali beharko dira bideoak: supelaur.kt@gmail.com. Baldintza bakarra bete beharko da: lanak euskarazkoak izatea edo euskarazko azpi-idatziak izatea.

Abenduaren 4an ebatziko da lehiaketako irabazlea, eta 250 euro jasoko ditu sari moduan. 

Rallya

Beste aldetik, ikus-entzunezko rallya egingo da abenduko lehen ostiralean. 9:00etatik 18:00etara egongo da ekimenean izena emateko tartea, Supelaurren egoitzan. Parte hartzaileek 18:00ak arte izango dute ikus-entzunezkoa grabatzeko denbora.

Lanek 3 minutu iraun ahalko dute gehienez, eta MP4 formatuan aurkeztu beharko dira. Hizkuntzari dagokionez, lehiaketako irizpide berdinak mantenduko dira: lanak euskaraz grabatuak egon beharko dira edo, bestela, euskarazko azpi-idatziak izan beharko dituzte, gutxienez. 

Rallyko pelikula irabazlearen egileek 250 euroko saria jasoko dute. Horrez gain, beste horrenbeste diru jasoko du publikoaren partetik bozka gehien jasotzen dituen lanak. 

19:00etan egingo dira pelikula guztien proiekzioa eta sarien banaketa, Donibane Aretoan.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide