Emakume Master Cupeko finalaren atarian geratu da Gentzane Aldai

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abe. 8a, 08:31
Gentzane Aldai eta Olatz Arrizabalaga, igandeko partidan. / Emakume Master Cup

Igandean izan ziren finalerdiak Derioko frontoian. Gentzane Aldai eta Olatz Arrizabalagak ezin izan zuten Amaia Aldai-Oihana Orbegozo bikotea garaitu, eta finalaurrekoetan agurtu dute txapelketa.

Finalaren atarian geratu da Gentzane Aldai pilotari orozkoarra, Emakume Master Cup txapelketaren binakako edizioan. Olatz Arrizabalaga izan zuen bidelagun finalaurrekoetan, baina Amaia Aldai eta Oihana Orbegozok aurre hartu zieten markagailuan (12-22), eta beraiek izango dira finala jokatuko dutenak, Patri Espinar eta Naroa Agirreren kontra.

Derioko frontoian izan ziren finalerdiak igandean, abenduaren 6an. Emakume Master Cupeko kideek sare sozialetan azaldu dutenez, "kuraia handiko" partidak izan ziren. Izan ere, pilotariek ez zituzten baldintzak alde izan finalerdietan, "hotz handia egiten zuen pilotalekuan, eta osasun larrialdiko neurrien ondorioz pilotariek ez dute azken asteetan nahi izango zuketen jarraikortasuna izan". Hala, irabazteko grinez zelairatu ziren kirolariak, eta "ikuskizun polita eskaini zuten, nahiz eta jokalari gehienei frontoian euren lekua topatzea kostatu". 

Orekatua eta lehiatua izan zen Gentzane Aldai eta Olatz Arrizabalagaren partida hasieran, "eta erabat urdina bigarren zatia". Horren adierazle da partidaren lehen zatian markagailua "oso estu" joan izana, hamabinako berdinketara arte. Ondoren, ordea, Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo nagusitu ziren, eta beraiek lortu zuten abenduaren 20an Arrigorriagan jokatuko den finalerako txartela. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide