“La Orozko” txirrindularitza proba modu birtualean antolatuko dute aurten. Abenduaren 27an jarri dute zita, 18:30ean. 17 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek bizikleta estatikoan, 450 metroko desnibelarekin. Ciclismo Bkool aplikazioa deskargatu beharko dute horretarako, eta euren bizikletako arrabolarentzako segida sentsorea edo potentziometroa lotu.
Probaren orduan Orozkokriterium.com atarian sartu beharko dira, eta bideoz osatutako ibilbide bat jarraitu ahalko dute bertatik. “Ez du inor epel utziko, inguruko paisaiak ikusgarriak baitira”, jakinarazi dute antolatzaileek.
Txirrindulari profesionalekin lehian
Parte hartzaileak ez dira bakarrik egongo, txirrindulari profesionalekin neurtzeko aukera izango baitute. Kirolari hauek batuko dira probara: Astana taldeko Omar Fraile, Rural Kutxako Jon Aberasturi eta Jonathan Lastra, Euskadi Fundazioko Gotzon Martin eta Txomin Juaristi eta Burgos-BHko Jesus Ezkerra. Hizlari lanak, aldiz, Juan Mari Guajardok egingo ditu.