Elkarbizitza eta adimen emozionalari buruzko hitzaldia antolatu du Orozkoko Eskolako guraso elkarteak. Ostegun honetan -urtarrilak 18- izango da zita, 18:00etan Donibane Aretoan. Toki kopuru mugatua egongo da eta, horregatik, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, infoinduma@yahoo.es helbidera mezua bidalita.
Haurren adimen emozionalaren garapena eta gatazken gainditzea jorratuko dira solasaldian. “Argi dago bizikidetza ikasleen artean txiki-txikitatik landu behar dela, bai ikastetxean bai familian, ikasleak harreman egokiak izateko behar diren gaitasunez jabe daitezen, enpatian eta errespetuan oinarrituta”, azaldu du Orozkoko Udalak gaiari buruz plazaratutako eskuorrian. Dokumentu horretan aipatzen diren gaiak izango dituzte hizpide osteguneko zitan.