Orozkoko Ibarra auzoan dagoen aniztasun funtzionala duten pertsonentzako Jesus Maria artatze zentroan aurrez aurre lan egiten ez duen arduradun batek, bertako langileen aurretik txertoa jaso duela salatu du ESK sindikatuak. Zentroa Grupo Norte - Fundacion Aliados por la Integraci´0n taldearen barruan dago, eta bertako giza baliabide arloko arduradun bat izan da txertoa jaso duena.
Sindikatuak salatu duenez, urtarrilaren 18an Ibarrako instalazioetan aurkeztu eta COVID-19aren aurkako txertoa jaso zuen, protokoloa hautsiz. ESKko kideen arabera, arduradun honek ez du aurrez aurreko inolako jarduerarik garatzen egoiliarrekin. Gainera, nabarmendu dute, oraindik ez dietela txertoa jarri lantokiko behargin guztiei.
ESK sindikatuaren iritziz, Grupo Norte – Fundacion Aliados por la Integración taldeak Ibarrako azpiegiturez egiten duen kudeaketa "tamalgarriaren" adibidea da txertaketa-protokoloa haustea.
"Orozkoko Jesus Maria zentroa erantzukizun publikoko zentroa da, eta Euskadiko Gizarte Zerbitzuen legearen arabera Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio haren eskumena". Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murilloren esku-hartzea eskatu du ESK-k: "Txertaketa-protokoloak urratzearen kasu berri honen inguruko erantzukizunak argitzeko, eta erlijio-kongregazioak Grupo Norte – Fundacion Aliados por la Integracion fundazioaren alde egindako azpikontratazioa lehengoratzeko".