Kultur sorkuntza Aiaraldean

Taila eta arkatzaren magia, Orozkoko Museoan ikusgai

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 13a, 11:02

Fidel Largatxa eta Julian Olabarria artisauek Orozkoko Museoan jarri dituzte ikusgai euren lanak. Otsailaren 14ra arte egongo da bilduma aretoan. Egurrez eginiko piezak eta arkatzez marraztutako irudiak uztartu dituzte bi artistek erakusketan. 

Nolako zura, halako ezpala. Hala dio esaera zaharrak, eta hori begizta liteke Fidel Largatxak eta Julian Olabarriak eginiko erakusketara bertaratuta. Largatxaren ikaslea da Olabarria, baina urte eta esperientzia andana daramatza tailagintzan. Gauzak hala, bien zenbait lan aukeratu dituzte Orozkoko Museoan erakusketa atontzeko.

Urtarrilaren 20an  abiatu zuten dinamika, museoari ekarpena egiteko, Largatxak aitortu duenez. “Orozkon Museoa izanda, eta askotan hutsik egonda, ekarpen polit bat egin genezakeela iruditu zitzaigun”. Horrela atondu zuten erakusketa. Julian Olabarriak “egur klasikoan” tailatutako obrak eraman ditu, eta Fidel Largatxak “egur eskulturak” zein arkatz marrazkiak. “Orozkoko zenbait toki arkatz eta margoekin marrazteari ekin nion konfinamenduan, eta horietako batzuk ekarri ditut ere”, kontatu du.

Igandera arte egongo da pieza sorta ikusteko aukera: argizaiolak, Gernikako koadroaren egur erreplikak edota arkatzez marraztutako Orozkoko tokiak

“Alkate onena” ume bat altzoan irudikatu du sortzaileak, besteak beste. Marrazkien artean, berriz, Atxulaurko begia, Kurtzeganeko menhirra edota herriko baserriak pilatu ditu. Hego haizea bezalako kontzeptu abstraktoak ere landu dituzte, ordea. Baserriko bizimoduari lotutako lanak dira, oro har. Esaterako, zuraren baitan tailatutako “txarriboda” irudikatu dute obretako batean. “Tresna gutxirekin gauza politak egin daitezke”, azpimarratu du artisauak. Arteak mugarik ez duenaren seinale.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide