ANE INTXAURRAGA GARCIA

“Erreskatatutako etorkin askok tortura eta tiro markak zituzten”

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko mar. 28a, 11:28

Aita Mari itsasontzian ari da Ane Intxaurraga orozkoarra erreskate lanetan. / Unai Beroiz

ANE INTXAURRAGA GARCIA (Orozko, 1990) Aita Mari itsasontzian aritu da hilabete luzez migratzaileak erreskatatzen eta artatzen. Misioaren nondik norakoak eta migrazio politiken ondorioak kontatu ditu, bizitako esperientzia ardatz hartuta.

Aita Mari itsasontzian eman duzu hilabete. Nola bukatu duzu bertan?

Ezaguna zitzaidan Aita Mari ontzia, eta beti izan dut buruan kooperazio bidaiak egitea. Lagun batek esan zidan jendea behar zutela arineketan, azaroan itsasoratzekoak baitziren. Lehen saiakera hark, baina, huts egin zuen. Azken uneko kontua izan zen: curriculuma bidali nuen eta erizainak kudeatzen zituenarekin egin nuen berba. 

Azaroan hasi zen itsasoko abentura, baina urtarrila arte ez zenuten abiatzea lortu. Zergatik?
Azaroan sartu behar ginen itsasontzian, Pasaiako inspekzio zorrotza pasa ostean. Tamalez, eguraldi oso txarra zegoenez Bilbon geratu behar izan ziren, eta handik ateratzear zeudela kapitainak istripua izan zuen; beraz, hustu egin behar izan zuten ontzia. Geroztik otsaila arte egon da etenda misioa.

Zertan datza misioa?

Ez da erreskate soila, misioa etxetik hasten da. Gaur egungo migrazio politikarekin Europari ez zaio interesatzen erreskate ontziak egotea Mediterraneo itsasoan. Administrazioetatik, horregatik, ahalik eta gehien presionatzen eta geldiarazten saiatzen dira, boikoteatzen saiatzen dira paper administratiboekin. Gure kasuan, 15 egun egon ginen Adrako portuan (Almeria, Espainia) itsasoratzeko zain, inspekzioen aitzakiapean. 5-6 egun eman genituen itsasoan jarraian, eta Libia eta Italia aldean kokatu ginen, SAR (Search And Rescue) zonaldean. Otsailaren 19an egin genuen lehen erreskatea.

Lehen erreskatea nola oroitzen duzu?
Goizeko lauretan esnatu gintuen kapitainak, abisua jaso zuelako. Inguruan dauden itsasontzi guztiei bidaltzen zaie abisua, distress abisua, eta gertuen dagoen ontzia joaten da laguntzera; ez arrantzaleena.

Goizeko 6:30ean 102 pertsona erreskatatu genituen egurrezko ontzi batetik. Guztiak igo genituen Aita Marira, horretarako txandak antolatuta: erreskate ontzia sorosleekin ateratzen da lehenbizi, txalekoak emateko bertakoei, eta kideen egoeraren berri emateko Aita Mariri.

Handik gutxira, beste itsasontzi baten deia jaso genuen, beste 46 lagun erreskatatzeko. Horiekin, ordea, ezin izan genuen berdin jokatu; Aita Marik 120 pertsonentzat bakarrik duelako lekua.

Ondorioz, txalekoak banatu eta janaria zein ura eman genien soilik. Zorionez, Lanpedusa (Italia) ingurura heldu zirela jakin genuen gerora.

Otsailean atera zineten, hilabete luze igaro duzue beraz uretan?

Bai, baina misio osoa hilabete eta pikokoa izan da. Almeriara iritsi ginenerako ontzian geunden jada, inspekzioen zain egon arren. Gainera, konfinatuta egon behar izan ginen, PCR negatiboarekin. Talde burbuila ginenez, ezin ginen barkutik mugitu. Gauza puntualak egitera soilik ateratzen ginen, banaka, eta kontu handiarekin.
Tripulazioa, beraz, ofizialki Adran urtarrilaren 28tik egon zen, eta martxoaren 15 arte egongo gara, gutxi gorabehera.

“Europari ez zaio interesatzen erreskate ontziak egotea Meditarraneo itsasoan”

Berrogeialdi ugari pasatu behar izan dituzue, tokian toki. Zer dela eta?

Italiar agintariek eskatuta beste berrogeialdi bat burutu behar izan genuen. Berez, ez du zentzurik; baina beste modu bat da boikoteatu eta zailtasunak ipintzeko erreskate ontziei. Izan ere, ekonomikoki itsasontzi bat geldi egotea 14 egunez oso garestia da, mantenua behar duelako. Hortaz, erakunde batek behar duen dirulaguntza guztia itzela da halako egitasmo baterako, inoiz ez da nahikoa.

Zenbat pertsonak osatu duzue taldea?

Misio osoan zehar 5 boluntario eta 8 tripulatzaile profesional egon gara, 13 lagun guztira. 

Migrazio egoera desberdinen lekuko izan zara. Nolakoa da itsasoko muga zeharkaldietan egoera?

Egoera oso latza da, egunero irtetzen dira ontziak Libiatik. Gu egon ginen egunetan 5-7 saiatu ziren, eta eguraldi ona dagoenean askoz gehiago. 40-100 lagun inguru egoten dira ontzi bakoitzean, eta tamalez, horietako asko Libiara itzuli behar izaten dira patruilaontziek  bidaian zehar harrapatzen dituztelako. Erretentzio zentroetan sartzen dituzte horiek. Beste txalupa asko hondoratu egiten dira. Gutxi batzuek dute zortea Italia edo Maltara heltzeko, edo erreskatatuak izateko. Uneotan ontzi alemaniar bat dabil erreskatean, Sea Watch 3-a. Ez gara nahikoak, baina behintzat hor gaude.

Pertsonalki zer eman dizu espedizio honek?

Galdera gogorra. Nire helburuetako bat gertatzen ari dena nire begiekin ikustea zen. Migrazioa egunerokotasunean ahaztua dugun arazo bat da, ez zaio garrantzirik ematen, eta oso gogorra da alboratzen dugun hori. Ez zaigu interesatzen, Europari eta gobernuei ez zaielako interesatzen. Zentzu horretan, guk ere askotan ez-ikusiarena egiten dugulakoan nago. Horregatik, bizi nahi nuen esperientzia. Oso latza da, eta frustrazio handia sortzen da; beti egin nahi duzu gehiago eta ezinezkoa delako ditugun baliabideekin. Bestalde, nire aldetik, sentimendu kontrajarriekin noa etxera: 102 lagun egon dira gurekin 3 egunez, eta horrekin geratzen naiz. Pertsonalki asko aberastu nau, eta kontzientzia zein begiak zabaldu dizkit esperientzia honek. Honetan lan egiteko energia eman dit, eta espero dut aurrerantzean ere lanean jarraitzea, zeregin asko baitago. 

“Goizeko 6:30ean 102 pertsona erreskatatu genituen egurrezko ontzi batetik”

Erreskate uneetan, zein izan da zuen ekarpena? Nola gogoratzen dituzu egun horiek?

Oso intentsoak izan ziren. Lantalde osoan 4 ziren bakarrik beteranoak, beste denak berriak ginen, baina oso ondo antolatu dugu dena. 
Sekulako lana dago: ehundik gora lagunentzat janaria egitea, lo-lekuak antolatzea... Gainera, koronabirusa medio, test antigenoak generamatzan ontzi bakarra ginen. Heldu bezain pronto 102 lagunei testak egin genizkien, eta horietako batzuk kontsultara bideratu genituen. Izan ere, itsasontzian sartu bezain pronto horietako bat hipotermia nahiko latzarekin zegoen, 33 graduko tenperatura zuen soilik.

Gainera, erredurak zituen begietan, hanketan, paparrean, besoetan...  Askok sekulako erredurak zituzten; erregaiaren eta itsasoko uren arteko erreakzioak erredurak sortzen ditu azalean. Gutxinaka arazo horiek konpontzen joan ginen. Erreskatutako askok tortura aztarnak zituzten, aurrez itsasoa zeharkatzen saiatu izanagatik atxiloketa zentroetara itzularazi baitzituzten.  Tiroen markak ere bazituzten.

Tortura eta tiroen aztarnak aipatu dituzu.

Bihotza apurtzen duten istorioak entzun ditugu. Tiro eta torturen aztarnak emakumeek ere bazituzten. Gure erreskatean umeak ere zeuden, horien artean, 38 adingabe eta 9 hilabeteko haur bat. Hala ere, umeak ez dira kontziente bizitzen ari diren esperientziaz, oso pozik zeuden. 

Koronabirusak nola baldintzatu du zuen jarduna?

Positiboak ere izan ditugu erreskatean. Italiako gobernuak ez zigun baimenik eman etorkinak lurreratzeko, eta erredurekin larri zeuden 2 pertsona soilik jaitsi ahal izan ziren ontzitik, beste guztiak itsasontzian geratu ziren.

Oso une gogorrak izan zirela gogoratzen dut, urduritasun handikoak, uste baitute euren herrialdeetara itzularaziko dituztela. Azkenean, biharamunean eman ziguten jaisteko baimena: 9-10 orduko lurreratzea izan zen; italiarrak itsasontzian sartu ziren tripulazio eta etorkin guztiei antigeno eta PCR testak egiteko. Nahiko komikoa izan zen, guztia bezala.

Zer eraman duzue ontzian?

Errefuxiatuentzako arropa kita (Hotz Oñatiren dohaitzak dira, motxiletan prestatuta), janaria... Guretzat, esaterako, 40 egunerako jana eraman genuen. Bestalde, osasun arretarako beharrezko material guztia sartu genuen: EPIak, maskarillak eta anbulategietan egiten diren zaintza materialak.  Horrez gain, manta termikoak eta arruntak genituen, eta botikak. Gauerako, berriz, toldo handi bat jartzen genuen. Funtsean, janaria eta ontzi baten mantenimendurako beharrezko gauzak.

Boluntario gisa egin duzun lehen bidaia izan da?

Bai. Gustatuko litzaidake azkena ez izatea, gainera. Gure inguruan ez dira ezagunak SMHren (Salvamento Maritimo Humanitario)proiektuak, Aita Mari proiektuaz aparte. Qioseko irlan (Grezia) beste proiektu bat dute, erizain eta medikuen bidez kontsultak pasatzen dituzte eta hortz programa bat ere garatzen dute; hara joatea gustatuko litzaidake.

Dena den, Aita Marin berriro joateko aukera eskainiko balidate, gustura hartuko nuke. Edozelan ere, etxean lan asko dago egiteko. Alde batetik, giza eskubideen urraketen salaketa, eta beste alde batetik ,pertsona guztientzako bizimodu duina bermatzea, besterik beste. Hemendik, eskualdean ere, SMH-ren  bazkideak egiteko deia luzatzen dut, egiten den lanari ez zaiolako zabalkunde askorik ematen.

Aita Marik, berez, izen edo ospe handia du. Esanguratsua izango da zuretzat pertsonalki zein profesionalki bertan parte hartzea, ezta?

Bai, oso aberasgarria izan da, oso pozik nago. Aldez aurretik nuen entzunda Aita Mari, baina ez dakizu inoiz noiz den momenturik onena. Denbora eta energia asko eskatzen dute horrelako misioek, eta prest egon behar zara horrelako proiektu batean sartzeko. 

“40-100 lagun inguru egoten dira ontzi bakoitzean, eta tamalez, horietako asko Libiara itzuli behar izaten dira patruilerek harrapatzen dituztelako bidaian zehar”

Itsasora egokitzeko fasea, zelan joan zen?

Atun ontzia zen gurea, eta beraz, nabigazioa nahiko mugitua da. Itsaso zatarra ez dagoenean ere, asko mugitzen da. Adrako portutik itsaso txarrarekin atera ginen lehen egunean, eta denak ibili ginen botaka eta komunera joateko korrika. Hasieran, 'hau egunero horrela bada, akabo' pentsatu nuen; baina azkenean egokitu egiten zara. Ez zaude inoiz %100ean: erritmoa txikitu behar da, denerako behar da denbora gehiago. Itsasontziaren puntatik puntara joatea, askoz nekagarriagoa da lehorrean baino. Oso dibertigarria da, baina trukoa harrapatu behar da. Hasieran dena erortzen zaizu lurrera, 24 orduz mozkortuta bazeunde bezala. Horregatik, biodramina pastilla hartzen dugu. Hemen, adibidez, gutxika-gutxika jaten da; eta gauza arinak, ez astunak (ogia, pasta, arroza, infusioak...). 

Elkarbizitza ere estua izango da horrelakoetan, ezta? 24 orduz, hilabete luze elkarrekin...

Bai, bada. Azkenean gauza asko daude jokoan: ez da oporretako itsasontzia, zerbait handia egiten ari gara, eta ezin da akatsik egon. Hasieratik dago tentsio puntua, ez delako erraza administrazioarekin beti borrokan egotea. Horrek pazientzia asko agortzen du. Zorionez, oso talde sendoa izan gara, eta elkarbizitzan beti gorabeherak dauden arren, oso ondo moldatu gara. 14 egun egon gara ontzitik atera gabe lurra bertan edo oso gertu izanda (ontzian konponketak egin ditugu, hurrengo misiorako dena prest itxi, pelikulak ikusi ditugu, irakurri, musika entzun, dantza, itsasontzitik batetik bestera ehun eta piku buelta eman...). 

Administrazioa medio, muga asko izan dituzuela diozu.

Europako migrazio politikaren ondorio da, ez zaio interesatzen korridore humanitarioak jartzea. Hori existitzen ez den bitartean ez dago migratzaileentzat ziurtasunik, ez dago modu segururik Europara heltzeko, eta beraiek bide bera egiten jarraituko dute; euren bizilekuetan gerrak daudelako edo ezinezkoa delako bizitzea egungo aldaketa klimatikoek eragindako katastrofe naturalengatik. Fluxu horrek jarraituko du. Espainiak ez du arazorik nahi Europarekin, eta horregatik trabak jartzen saiatzen dira, estatuen arteko gatazka sortzen duelako. Zorionez, Eusko Jaurlaritzak Aita Mariren proiektua babesten du, eta ekonomikoki diruz lagundu. Alde horretatik babesa sentitu dugu. Ontziak fondeatzearen bidez gastuak asko handitzen dira, eta horrek konplikatu egiten du dena: 60 egun etxetik kanpo egoteko prest dagoen jendea lortu behar dute Gobernuz Kanpoko Erakundeek, eta inoiz ez dakizu nola aterako den. 

Noiz amaituko da zuen misioa?

Almeriara (Espainia) ailegatzean hegazkinez itzuliko gara Euskal Herrira. Joaterakoan, Almeriatik Malagara autobusa hartu genuen, eta handik Bilbora hegazkina. 

Aurrera begira, baduzu bestelako proiekturik buruan?

SMHk egiten duen lana eta ibilbidea ezagutzeko jendea animatzea. Denda txiki bat ere badute, eta boluntario edo bazkide izatera animatu nahiko nuke jendea. Egiten duguna polita da, nahiz eta egin daitekeenaren ezereza izan. Giza eskubideen urraketa hau ezin dugu alde batera utzi.  

Argazkiak: Unai Beroiz

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide