Pedro Mari Intxaurraga alkateak eta Idoia Camacho alkateordeak ireki dute erakusketaren aurkezpena. Biek aitortu dute Orozkoko historiak zor ziela emakumeei euren iragarana jasotzea: "emakumeen museoa ere izango da hemendik aurrera".
Idoia Camachok nabarmendu du gizonezkoek kontatu dutela beti historia eta, ondorioz, emakumeen protagonismoa ezabatu dutela kontakizunean: "Lehen, orain bezala, emakumezkoen lanei ez zitzaien baliorik ematen, eta hezkuntza-lana da hori zuzentzea".
Nerea del Campo museoko arduradunak uste du historiaren erdia bakarrik kontatu dela orain arte: "Erakusketa berriarekin hori osatzea espero dugu".
Zehazki, "Emakumeok" 8 panelez egina dago eta ez da aparte jorratu; erakusketa iraunkorrean txertatu dute modu koherentean, inork nabaritu ez dezan. Iker Atxa museoko langileak bisita gidatua eskaini du gaur eguerdian eta azaldu du zein gai jorratzen duten testuek eta irudiek: amodioa, heriotza, lana, ogibideak, ohiturak eta ezkontza, besteak beste. Horien bidez islatu dituzte emakumearen zapalkuntzaren erro historikoak, baina baita bere aztarna nola ezabatu den ere. Esaterako, elurraren negozioak, Orozkon hainbat aberastasun sortu zuena, bi emakumek abiatu zuten.