Kolonbiako bake prozesuak hartu du Orozko Museoa azken egunotan. Izan ere, Xiomara Torres eta Erika Aguirre ekintzaileek argazki erakusketa izan dute bertan ikusgai.
Horrez gain, atzo solasaldia eskaini zuten bake prozesuari, emakumeei, espetxeari eta euren egoerari buruz aritzeko. Hasteko, dokumental laburra proiektatu zuten emakumeen bizimodua azaltzeko, bai FARC erakunde politiko-armatuaren barruan, zein Kolonbiako landa eremuan. Jorratutako gaien artean amatasuna egon zen, gerrillariak ere amak baitira. Halaber, gerrillan emakumeek izandako bilakaera ere landu zuten. Izan ere, sukaldari hutsak izatetik, borrokalariak eta agintariak izatera igaro dira.
Gero, bake prozesuaren ondorioetara jo zuten. Berez, gobernuaren inplikazio eza salatu zuten emakumezkoek, eta argitu zuten bake prozesura atxikitu ziren 400 lagun erail dituztela. Hain zuzen, hilketa olatu horren lehenengo biktimaren hileta islatu dute argazkietan.
Horrez gain, nabarmendu zuten indarkeria politiko hori ez dagoela bakarrik bake itunaren sinatzaileei lotuta, azken urtean 14 ikasle antolatu hil baitituzte.
Espetxea
Kolonbiako genero indarkeriari buruz mintzatu eta gero, hizlariek herrialdearen espetxe sistema deskribatu zuten, emakume asko bere umeekin preso baitaude, lapurtzeagatik edota drogen trafikoagatik. Torresek eta Aguirrek azpimarratu zuten kartzelan osasun bermerik gabe dauden emakumezko gehienak txiroak izateagatik daudela hor.
Hori kontatu zuten, euren esperientziatik abiatuta. Hain zuzen, biak egon dira espetxean ekintzaileak izateagatik. Biek kontatu zuten muntaia polizial eta politiko baten biktimak izan direla. Gauzak horrela, orain asilo politikoa eskatu dute Europan. Maiatzaren amaieran egingo da publiko euren epaia eta 30 urteko kartzela zigorra eskatzen diete.