GOTZON MARTIN

"Ametsa betetzea da Euskaltel taldearekin lehiatzea eta zaleen animoak jasotzea"

Aitor Aspuru Saez 2021ko api. 21a, 11:50

Gotzon Martin Ermualdeko aldapetan. / Aiaraldea.eus

GOTZON MARTIN (Orozko, 1996) txirrindulariak eskualdeko jarraitzaileen babesa jaso zuen Euskal Herriko Itzulian. Horri eta lasterketari buruz mintzatu da, Amurrio eta Laudio arteko etapa aintzat hartuta.

Nola heldu zinen Amurrio eta Laudio arteko etapara?

Euskal Herriko Itzulia hasi baino lehen buruan neukan etapa hori. Banekien World Tour-eko lasterketetan, nahiz eta sasoi onean heldu, zaila dela puntako lasterkariekin aritzea. Hala ere, banekien nire eguna zela ihesaldian sartzeko eta aurretik egoteko lasterketa osoan. 

Zaila da ihesaldia hartzea, jende askok hartu nahi baitu. Suposatzen nuen Altuben izango zela, baina ez non. Mendatea ezagutzea abantaila izan zen niretzat eta, egia esanda, ni ez nintzen egon behar talde horretan, beste taldekide batzuen lana zen.

"Altubeko ihesaldian egotea zen nire helburua eta lortu nuen"

Dena den, oso azkar gertatu zen eta taldekideek ondo egin zuten, lehenengo kilometroetan aurrean egon ziren, baina ihesaldia goian hasi zen. Altubera igo ginen eta tobogan horietan egin zen, Murgian sartu aurretik. 

Nik eskopeta kargatuta nuen, espero nuen hor izatea, eta indarrak izan nituen ihesaldian sartzeko. 

Nola bizi izan zenuen ihesaldia?

Egun berezia izan zen niretzat, etxeko errepidetan Euskal Herriko Itzuliko ihesaldian egotea polita izan zen. Errepide ertzetan ezagutzen nauen jende askok animoak eman zizkidan.

7 minutuko abantaila izatera heldu ginen, tropelari dagokionez, baina bagenekien harrapatuko gintuztela amaieran. 

Taldearen helburua zen ihesaldian egotea eta mailot laranja erakustea eta lortu genuen.

Nola sumatu zenuen errepidean babesa, ziztu bizian joanda?

Adibidez, Kataluniako lasterketa antzekoa zen, baina hemen bazter guztietan dago jendea animatzen eta, bereziki, Euskaltel taldea. Babes horrek plusa ematen dizu. Topera joaten zarenean, badakizu beste puntu bat gehiago eman behar duzula jendearen animoengatik. Laguntzen du.

Ermualdeko aldapetan zure lagun ugari zeuden zain, zu babesteko. Nolakoa izan zen une hori?

Tropelak harrapatu zuen ihesaldia Malkuartu hasi baino lehen. Hor geundenok erritmoa moteldu genuen helmugara heltzeko, indarrak gordeta. Gero banekien lagunak egongo zirela Ermualdeko aldapetan eta lasai-lasai igo nituen aldapak, publikoarekin gozatzen. 

"Jendearen animoekin gozatu nuen Ermualdeko aldapak igotzen"

Giro horrekin gozatu nuen, lagunak malda gogorrenean zeuden zain eta oso gozagarria izan zen. 

Zer etorri zitzaizun burura une horretan?

Irribarrea. Lagunen aurrean igaro nintzen irribartsu. Txikitan joaten nintzen lasterketak ikustera eta Euskaltel taldeari animoak ematera. Orain ni taldeko kidea izatea eta zaleek ni animatzea, txikitatik nuen ametsa betetzea da. Hunkigarria izan zen. Etxean lasterketa ona egitea berezia da.

Nola baloratzen duzu etapa eta egindako Euskal Herriko Itzulia?

Ondo egin dudala uste dut. Sestaoko etapan 31. postuan sailkatu nintzen. Hurrengo egunean nire helburua zen ihesaldian egotea edo sailkapen postu ona eskuratzea eta lehenengo xedea lortu nuen. Horregatik, pozik nago.

Hurrengo egunetan taldeak maila ona erakutsi zuen. Kataluniako eta Euskal Herriko Itzuliak lehenengo World Tour-eko hitzorduak izan dira, eta gogorrak, gainera. 

Igartzen da maila oso handia dela, beste lasterketa batzuekin alderatuta. Horrelako probetan egoteak ematen dio txirrindulariari hobetzeko aukera. 

Nolakoa da lehiatzea Roglic edo Carapaz bezalako txirrindulariekin?

Txikitatik nahi nuen txirrindulari onenekin lehiatzea eta aurretik ere lehian egon naiz eurekin. Ikusten duzu txirrindulari oso onak direla eta zure aurretik daudela puntu askotan.

Hala ere, balio du eurak ikusteko eta ikasteko nola egiten dituzten gauzak, gertuago egotea baita helburua. 

Eurekin harremana duzue edo mundu ezberdinetan bizi zarete?

Adibidez, Roglicek jende ororekin hitz egiten du. Nik ez dut berarekin berba egin, baina igartzen zaio oso txirrindulari soziala dela. Beste txirrindulari batzuk ez dira hain sozialak.

Nik zorte oso ona dut eta Mikel Landarekin entrenatzen dut. Puntako txirrindularia da eta tropelean edozein txirrindularik bezala jokatzen du. Guztiek ezagutzen dute eta errespetu berezia diote, baina edozein txirrindularirekin dauka harremana. 

Erreferentea da zuretzat Mikel Landa?

Bai, urteak eman ditut berarekin entrenatzen, etxean dagoen bakoitzean. Asko erreparatzen diot egiten duenari eta abantaila da niretzat bera oso ondo ezagutzea, laguna izatea eta bere aholkuak jasotzea. Ikasteko aprobetxatzen dut berarekin nagoenean.

Zein da zure hurrengo erronka?

Datorren astean dugu Asturiaseko Itzulia, ea nola joaten den. Euskal Herriko Itzuliaren ondoren hiru egun izan nituen atsedena hartzeko eta gero Valentzian lehiatu ginen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide