Orozko Udalean aritzen diren EAJ eta EH Bilduko ordezkariek sinatu dute 'Euskaldunako adierazpena', euskal preso politikoen eskubideen alde. Izen hori zuen baita Euskalduna Jauregian 2020ko abenduaren 12an aurkeztutako testuak ere, EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos alderdiek eta ELA, LAB, UGT, CCOO, STEE, ESK, Hiru, Etxalde, EHNE, CGT eta CNT sindikatuek sinatutakoa.
Idazki horren helburua izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde guztietara eristea, eta horregatik aurkeztu dute Orozkon herriko zinegotzi jeltzaleek eta EH Bildukoek.
Salbuespen politika eta osasuna
Urrunketa politika eta presoen osasuna dira, bereziki, testuaren ardatza. Sakabanaketari dagokionez, sinatzaileek hurrengo adierazten dute: "beharrezkoa dela beste espetxe politika bat, presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena. Politika berri horrek presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko du eta adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz".
2020ko abenduan sinatu zuten EAJk eta EH Bilduk adierazpena eta berriki berretsi dute Orozkon udal ordezkariek
Hori osasun egoerara lotzen du idazkiak: "“Espetxeetako Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluaren arabera, COVID-19 izurritearen ondorioen testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuarekin, egitasmo orokor bat artikulatu behar da espetxeratu guztiak preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbilduak izan daitezen”.
Gauzak horrela, egitasmoak honakoa aldarrikatzen du: "Premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze politikari amaiera ematea eta COVID-19aren egungo testuinguruan gure sostengua adierazten diegu honako egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza, partikularrean, hurbil ditzatela euren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek".