Orozkoko zeruak zeharkatuko ditu Bizkaiko Parapente Txapelketak

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mai. 19a, 07:00
Parapenteak aireratzear Santamarina mendian. / Aiaraldea.eus

Eguraldia lagun, ekainaren 12 eta 13an jokatuko dute Bizkaiko Parapente Txapelketa Orozkon, Iparair taldeak antolatuta.

Bizkaiko parapente zale gehien batzen dituen taldea da Iparair, eta Bizkaiko Parapente Txapelketa antolatzeko lanetan ari da. Orozkon jokatuko da kirol proba ekainaren 12 eta 13an. Parte hartzeko nahikoa izango da Open mailan federatuta egotearekin, edozein lurraldetan. Bizkaian federatutako kirolariek, gainera, lurralde mailako txapelketan ere neurtuko dira.

Derrigorrezkoa izango da lehiatzeko maila egokia izatea, eta maila hori agiri-ofizial bidez akreditatzea.

Parte-hartzaileak uneoro egongo dira GPS bidez lokalizatuta, eta antolakuntzako kideekin irrati bidezko harreman zuzena izango dute uneoro.
Txapelketak Cross Country proben estiloa jarraituko du, hau da: parte-hartzaileek lasterketa bat egin behar dute aurrez baliza birtual batzuen bitartez markatutako ibilbide batean, eta pilotuek ordena jakin batean gurutzatu beharko dituzte baliza horiek.

Ibilbidea azkarren betetzen duenak irabazten du norgehiagoka. Parte-hartzaile bakar batek ere ez badu zirkuitua bere osotasunean betetzen, zati handiena egin duenak lortuko du garaipena.

Ekainaren 10ean ziurtatuko dute proba aurreikusitako egunetan egingo den edo ez, eguraldiaren arabera

Baldintza meteorologikoak

Parapentea baldintza meteorologikoen menpe dagoen kirola da: haizearen indarra, norabidea, lainoa... Proba aurrera eraman ahal izateko baldintza zehatz batzuk bete behar dira. Antolatzaileek ez dute data atzeratzea baztertu eguraldi egokiagoaren esperoan. Horregatik, ekainaren 10ean -osteguna- iragarriko dute Bizkaiko Txapelketa aurreikusitako egunetan egin ahalko den edo ez.

Era berean, parte-hartzaileek osatu beharreko ibilbidea baldintzatzen du klimak. Horregatik da ezinezkoa zirkuituaren nondik norakoak aurretiaz  zehaztea.

Orozkotik Orozkora

Bizkaiko Parapente Txapelketak Orozko izango du abiapuntu eta Orozkon egongo da kokatuta helmuga. Aireratzea Santa Marinatik egingo da. Lurreratzea, aldiz, Orozkoko leku ofizialean, Iparair taldeak lagatutako landa batean.

Parapentea ohiko kirola da Santa Marinan. Auzoko jaien testuinguruan, hainbat aldiz antolatu dira hegaldiak:

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide