Kontzertu maratoia Orozkoko Txopera parkean, OrozkoRock elkartearen eskutik

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 2a, 07:00
Moonshine Wagon taldeak ia jo zuen Orozkorocken. / Aiaraldea

The Riff Truckers, The Pushermen, Mocker’s eta Travellin Brothers bandek kontzertuak eskainiko dituzte Txopera parkean udan zehar.

Rock Maratoia antolatu du OrozkoRock elkarteak, Orozkoko Udalarekin elkarlanean. Udako lau asteburutan zehar luzatuko da programazio berezia, lau kontzertu eskainiz guztira.

Emanaldien ordutegiak ere tartekatuz joango dira asteburuz asteburu, egun batzuetan 19:00etan eta beste batzuetan 13:00etan izango baitira; giro desberdina sortzeko.

The Riff Truckers talde gernikarrak emango dio hasiera maratoiari, ekainaren 19an. Hurrengo kontzertua uztailaren 3an egingo dute. Egun horretan The Pushermen arituko da oholtza gainean. Xixo Yantanik gidatutako taldeak 1960 eta 1970eko hamarkadetako musika beltza du oinarri.

“Rock kañero eta psikodelikoa” egongo da uztailaren 17an Mocker’s talde durangarraren eskutik, eta Travellin Brothers bandak itxiko du maratoiaren egitaraua uztailaren 31n. 20 urteko ibilbide oparoa duen taldea da Travellin Brothers eta Europako blues banda errespetatuenetako bat izatera iritsi da.

Kontzertuak Txoperan

Orozkoko Txopera parkean eskainiko dituzte kontzertu guztiak. Espazioa egokituko dute horretarako eta edukiera mugatuko dute.

Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik erreserbatu beharko da eserlekua. Horretarako nahikoa izango da gaurdanik info@orozkorock helbide elektronikora mezu bat bidaltzearekin.

Antolatzaileek ziurtatu dute segurtasun eta higiene neurri guztiak bermatuko direla. Izan ere, "Kultura segurua da" kanpainaren barruan kokatu dute kontzertuen zirkuitua. Pandemiak kolpatutako sektoreari bultzada ematea dute helburu: “pandemia honetan kultura oso ahaztua dagoela kontutan hartuz, artista eta teknikariei laguntzeko asmoz antolatu dugu maratoia”.

2019an ospatu zen OrozkoRock jaialdiaren lehenengo edizioa. COVID-19a dela eta, bertan behar utzi behar izan zuten bigarrena, baina elkarteak ez dio lan egiteari eta kontzertuak antolatzeari utzi. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide