Osasun egoera dela medio, sanantolinen etorkizuna kolokan dago eta antolinzaleek hori eztabaidatuko dute astelehenean. Zuriñe Urkijo zinegotziak azaldu du zalantzak ugariak direla: "Ez dakigu pandemiak nolako bilakaera izango duen. Horregatik, dena dago erabakitzeke. San Antolinak ospatu edo ez, bestelako egitaraua osatu nahi dugu. Argi dagoena da ez direla ohiko ospakizunak izango, ezartzen diren osasun neurriak bete beharko dira eta".
Momentuz, ez dago ezer erabakita eta bilera deitu dute astelehenerako -ekainak 14-. 19:00etan izango da Donibane Aretoan, eta dauden aukera anitzak landuko dira. "Ez dakigu ezta sanantolinen datak baliatuko diren. Hori guztia eztabaidatzeke dago", argitu du Urkijok.