Duela urte bat t’erdi, Ione, 25 urtekoa, gure betiko laguna, lagun mina, zendu zen. Amesgaiztoa da; oraindik ere, erreala ez dirudiela komentatzen dugu kuadrillan. Bera, kementsuena.
Mitologia grekoan Orakuluak esan zion Akilesi gogoratua izango zela 3.000 urtetan, gudara joaten baldin bazen. Ione gudaria zen, ez 3.000 urtetan gogoratua izateko Akiles egin zuen moduan, baizik eta ausarta zelako.
Bizitzeko eta bizitzari aurre egiteko ausarta. Ionek kirolean gauza handiak lortu zituen; guk bere eguneroko bizitzan ezagutzen genuen eta adoretsua zen baita ere, konpromisoak hartzen zituen pertsona, lagunekin, familiarekin eta kirolarekin.
Ioneren jarduera profesionalari buruzko artikuluak irakurrita, ezagutzen genuen guztiok maite genuela baieztatzen dute. Gehiegizkoa ematen du, horrela, besterik gabe esanda, baina bere inguruko alor ezberdinetako jendearekin hitz eginda, konklusio berdinera heltzen gara; Ione argia zen, argia da, guztiok ikusten genuen, artikuluak idatzi zutenek ere nabaritu zuten hori, ondo ezagutu barik.
Beraz, oroitzen garen bitartean ez da argi hori amatatuko, hor dago eta hor egongo da, gurekin. Elkar animatu behar dugunean, gure burua beldurra ematen digun zer edo zer egitera bultzatu nahi dugunean, berataz akordatzen gara, eta bere indarra eredu dugula beldurra ematen digun edozer gauza egiteko gai garela sentitzen dugu, zutabe hau idaztea, adibidez.
Geroarte Ione eta eskerrik asko familiari, gure familia ere zaretelako.
Zure lagunak.