OROZKOROCK

“Herritarrak ahaldundu behar ditugu kultura eta kultur eskaintza baloratu ditzaten”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 17a, 07:00
Ibai Isusi eta Jon Ander Guinea auzolanean ari dira Toxpera parkeko kontzertuak antolatzen. / Aiaraldea.eus

IBAI ISUSI (Orozko, 1994) ETA JON ANDER GUINEA (Orozko, 1985) Orozkorock elkarteko kideak dira biak. Lan boluntarioa ardatz, udan Txopera parkean eskainiko dituzten kontzertuen prestaketan daude lanean buru-belarri. 

Zer da udako asteburuetarako antolatu duzuena?

Lau kontzertu antolatu ditugu uztaila eta ekaineko asteburuetarako: The Riff Truckers ekainaren 19an, The Pushermen uztailaren 3an, Mocker’s uztailaren 17an eta Travellin Brothers uztailaren 31n. Bi astean behin egingo ditugu, eta ordutegiak ere tartekatzen joango gara, hau da: aste batean arratsaldez izango da kontzertua eta hurrengoan eguerdian. Musika eskaintza anitza aurkezteaz gain, giro desberdinak ere sustatu nahi ditugu horrela.

Iaz antzeko esperientzia jarri zenuten abian.

Bai, 2019an egin genuen OrozkoRock jaialdiaren lehenengo edizioa, eta 2020an bigarrena antolatzeko lanetan geunden buru belarri. Pandemiak, ordea, bertan behera utzi zituen gure asmoak.

Udan ohiko jaialdia antolatu ezin zela ikusirik, udalari kontzertu sorta txikia eredu berri eta seguru batean egiteko aukera jarri genion mahaigainean, eta begi onez ikusi zuten.Aurten urrats bat gehiago eman dugu, talde potenteagoak elkartu ditugu. Formatua gehiago landu dugu, handitu. Urtarrilean dagoeneko ulertu genuen aurten ez zegoela 2019 jaialdi hura egiterik, horregatik gure indar guztiak jarri ditugu udako eskaintza honetan.

Non egingo dituzue kontzertuak?

Kontzertu guztiak Txopera parkean egingo ditugu, eta ahalik eta gehien zukutuko dugu espazioa. Gunea atondu eta edukiera mugatuko dugu, COVID-19aren aurkako protokoloak errespetatu daitezen. Terraza handi bat da parkean prestatuko duguna, eta iaz ez bezala, barra eskaintza ere zabalduko dugu, publikoak jana eta edana izan ditzan.

Nola eskuratu daitezke kontzertuak ikusteko sarrerak?

Kontzertuak erabat doakoak izango dira. Guk edukiera muga bat zehaztu dugu, 120 lagunentzako espazioa baita parkean atonduko duguna. Etorri nahi duen orok sarrerak erreserbatu beharko ditu aldez aurretik info@orozkorock.eus helbide elektronikora mezua bidalita. 

Iazko esperientziaren zer balorazio egiten duzue?

Oso positiboa. Azken unean ibili ginen guztia antolatzen eta emaitza oso ona izan zen, eta herritarren erantzuna ere ona izan zen. Aiaraldean, eta bereziki Orozkon, itxialdiaren ostean antolatzen zen lehenengo ekimen kulturaletako bat izan zen, aitzindariak izan ginen zentzu horretan. Bidea egiten lagundu genuen. Balio izan zuen erakusteko gauzak egin daitezkeela, eta kultura segurua dela.

Nolako egoera bizi du kulturak eta kultur eskaintzak oro har?

Sektorea utzita dagoela ikusten dugu. Hain zuzen ere, iaz antolatu genituen kontzertuen helburu nagusia kultur sektoreko langile eta sortzaileei arnasgune txiki bat eskaintzea zen.

OrozkoRocketik ikusten genuen ekarpen bat egin behar geniola kulturaren munduari eta aurten bide berdinetik jarraituko dugu.  Administrazioak ikusi behar du kultur jarduerak gauzatu daitezkeela, hamaika eredu ditugu, horiek jarraitu baino ez dugu behar. Jende asko eta asko bizi da kulturari esker, langile asko daude horren atzean.

Zirkuitu pribatuak erabat geldirik daude orain gainera, oso zaila baita ezer antolatzea. Doako kontzertuak eskainiko ditugu guk, udalaren laguntzari esker, baina publikoak jakin behar du zer kostu duen ezer antolatzeak. Herritarrak ahaldundu behar ditugu kultura eta kultur eskaintza baloratu ditzaten.

Zer asmo ditu OrozkoRockek datorren ikasturteari begira?

Txertaketa kanpaina aurrera doan heinean eta egoera hobera jotzen ari dela ikusirik, datorren urtean jaialdi handi bat antolatzea da elkartearen helburua. 2020rako aurkeztu genuen kartelarekin aurrera jarraitzea da gure asmoa, eurekin gaude kontaktuan eta guztiek ulertzen dute egoera zaila dela hau, eta gehienek hurrengo kartelean azaltzeko konpromisoa adierazi digute.

Hiru urteko ibilbidea osatu du OrozkoRock elkarteak. Herrian errotu dela uste duzue?

Elkarte txikia da gurea, lan boluntarioa oinarri duena. Gutako inork ez du dirurik irabazten kontzertuak eta bestelako ekimenak antolatzeagatik, auzolanean egiten dugu aurrera. Orozko herri txikia da eta behar izan dugunean beti izan ditugu eskuak guri laguntzeko prest, baina bultzada berri bat eskatu nahi diegu bizilagunei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide