Orozkoko Olgetan pilota elkarteko pala jokalariak dira Naroa Saez, Uxue Etxebarria, Nerea Isusi eta Olatz Zulaika. Larunbatean -uztailak 10- Euskal Herriko Irekiko finalak jokatuko dituzte Mallabian, aurreko asteburuko finalerdietan gailentzea lortu ostean.
Finalerdiak jokatzeaz gain, Bizkaia Kup txapelketa irabaztea lortu zuten ere Larrabetzuko frontoian, Olarreta elkarteko bikoteak garaituz.
Euskal Herria Irekia txapelketa
Larunbatean jokatuko dituzte Euskal Herria Irekia pala txapelketako finalak Mallabiako frontoian. Hilabeteak pasa dituzte ikuslerik gabe jokatzen, baina indarrean dauden neurri berriek zaleen presentzia ahalbidetzen dute harmailetan.
Saez eta Etxebarriak Hernaniko pala jokalarien aurka lehiatuko dira 3. mailako finalean. Isusi eta Zulaikak, aldiz, Errekaleorreko neskak izango dituzte aurrez aurre 2. mailako finalean. Lau jokalariek Mallabiako frontoira gerturatzeko deia egin dute, baina zuzenean emitituko dituzte partidak Olgetan pilota elkarteko Facebook orriaren bidez, bertaratu ezin direnentzat.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!