ZIGOR GOROSTIAGA, HARAGI EKOIZLEA

"Alberto Garzonek agian arrazoi apur bat dauka esaten duenean haragi gutxiago jan behar dela"

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 14a, 09:43
Zigor Gorostiagak okela ekoizten du Orozkon, tokiko baliabideak ardatz hartuta./ Aiaraldea.eus

ZIGOR GOROSTIAGA (Areta, 1976) Itxinapeko Okelako sustatzailea da. Abeltzain moduan ekoizpen eredu iraunkorraren alde egin du apustu eta Alberto Garzon Kontsumo Ministroaren hitzek ez dute guztiz ezustean harrapatu. Haragi kontsumoaren eta ekoizpen ereduari buruz solastu da, munduko zein tokiko testuingurua aintzat harturik.

Alberto Garzon Kontsumo Ministroaren hitzek hautsak harrotu dituzte, haragi gutxiago jatea iradoki zuelako, zuk ekoizle moduan zer uste duzu?

Batzutan geratzen gara bakarrik titular potoloekin eta galtzen dugu ikuspegia. Polemika sortu zen Madrilen Alberto Garzon ministroak esan zuelako okela gutxiago jan behar dela, eta titular horrekin geratuz gero, mezua kaltegarria da nekazariontzat. Baina harago bagoaz eta benetan bere osotasunean esandakoa entzuten badugu -ez dakit norbaitek egin duen-, agian arrazoi apurra badauka.

Egun ekoizten den haragiaren %80 ekoizpen eredu intentsiboaren bitartez dator. Are gehiago, okela asko itsasoaren beste alde batetik dator eta horrek sortzen ditu epe luzerako arazoak ingurugiroan. Ez da jasangarria.

"Kontsumitzen den haragiaren %80 ekoizpen eredu intentsiboaren bitartez dator eta ez da jasangarria"

Arazoa da agian ekoizpen eredu ezberdinak nahastu direla. Batzuok aspaldi aukeratu genuen gauzak beste modu batean egitea eta bere garaian erotzat jotzen bagintuzten ere, bertoko eta tokikoen produktuen alde egiteagatik, ikusten ari gara bide zuzena hartu genuela. 

Orain ikusten dugu, moda dela medio, enpresa handi batzuk ere gurdi horretara igo direla: 0 Kmra edo dena delakora. Guk argi dugu ez dela moda, gure apustua dela natura eta baliabideak zaintzea, ez daitezen agortu. 

Orduan zuk ez zenuen sentitu Alberto Garzonen hitzak zure kontra joaten zirenik?

Esan bezala, arazoa da titularrarekin geratzea. Bere osotasunean entzuten badira adierazpenak, ez dira gure kontrakoak, lana beste modu batean egiten dugulako. 

Edonola ere, asko hitz egin da behiek sortzen duten metanoari buruz, eta ez da aipatu hainbeste txerriek edo oiloek pairatzen dituzten egoerei buruz ekoizpen eredu intentsiboetan. Kontsumitzen diren oilaskoak eta txerrikiak gero eta gehiago dira eredu intentsiboan sortutak. 

"Haragi gutxiago jan ez ezik, kontuan hartu behar da ere nondik datorren eta nola ekoiztu den"

Industriaren arazoa da eta agian Garzonek egin du errazena, proposatzea industria hori ez elikatzea. Hala ere, eztabaida ona da eta hausnarketa sakona egin beharra dago. Eredu produktibistak ez du etorkizunik. Horren aurrean haragi gutxiago jatea, baldin eta eredu intentsibotik badator, baliteke onuragarria izatea. 

Guk uste dugu gutxiago jan egin behar duzula, baina jaten duzunari ere erreparatu behar zaio: nondik dator eta zein baldintzatan ekoiztu den. 

Zein balditzatan lan egiten duzue zuek eta zuk bezalako beste ekoizle batzuek?

Gure animaliak zaindu eta elikatzeko bertoko baliabideak erabiltzen saiatzen gara. Ondorioz, pentsua gero eta gutxiago erabiltzen da, eta baliatzen duguna da ingurukoa, ez dator itsasoko beste aldetik, soja edo palma olioa bezala. Norberaren elikadura zaintzeko, zaindu behar da animaliena, bestela kontraesan handia dago. 

"Norberaren elikadura zaintzeko, jaten dituen animaliena ere zaindu behar da"

Horrez gain, gure inguruko baliabidetan oinarritzen bagara, nekazaritza eredu iraunkorra garatuko dugu, bestela urte gutxitan baliabide guztiak agortuko ditugu.  

Animaliak elikatzeko eredu jasangarriaren bidean, jende asko hasi da belarrari eta bertoko bazkari garrantzi gehiago ematen burujabeago izateko eta banaketa industria handitik kanpo geratzeko. Eredu produktibistatik atera behar garela erabaki genuen aspaldi, bestela ez dugu etorkizunik. Batez ere, txikiak garelako eta arrain handiek jango gaituztelako. 

Horrek guretzat, hasieran gutxienez, lan gehiago suposatzen du. Korrontearen kontra joateak energia gehiago erretzea ekartzen du, baina egiten dugu guretzat zuzena eta positiboa dena.

Bestalde, baserritarrok gure lana egin ahal izateko baliabideak behar ditugu. Azpiegiturak beharrezkoak dira eta ez kanpoan, baizik eta norberaren eskualdean. Arazoa da administrazioek asko aipatzen dutela Km 0 eta abar, bere kontzientziak berdetzeko, baina ez dugu ikusten benetako interesa lehenengo sektorean.

Postalerako oso ondo geratzen gara, turismoa sustatzeko, baina gure jarduera profesionalizatzeko baliabideak eskasak dira. Horren adibide argiena da Laudioko hiltegia itxita dagoela eta arazoa ez dator kanpotik. Uste dugu udalak berak duela interesa hiltegiaren jarduera gelditzen. Hori oso larria da. Ez dakigu hiltegia ixteko arrazoia, politikoa den edo hirigintzari lotutakoa, baina ezinbestekoa den azpiegitura kolokan dago. Horrelako azpiegiturak behar dira hainbat eskualdetan eredu iraunkor baten alde borrokatzeko. 

"Baserritarrok behar ditugu baliabideak gure jarduera profesionalizatzeko eta orain Laudioko hiltegia itxita dago, adibidez"

Hiltegiak, gainera, eragina dauka kontsumitzailean, horrek errazten baitu inguruko harategietan topatzea gure okela. Aldiz, kanpoko hiltegietara joan beharrak irekitzen die bidea hozkailu handiak dituzten kamioiei, beste lekuetako haragia ekartzen dituztenak.

Eredu intentsiboak haragia oso modu merkean eta suntsikorrean ekoiztea du. Agian, arazoaren muin handia da hori?

Beharbada bai. Errezenera jotzen dugu erosteko ohituretan, zein ekoizpenean. Orduan, alderatzen baduzu guk ekoizten duguna kanpotik etortzen denarekin, garestiagoa da, baina haragi merkearen atzetik aldagai pilo dago.

Adibidez, animaliak elikatzearen aldetik, multinazionalen lehengaiak erabiltzen dira, deforestazioa ekartzen duena soja landaketa monokultibo intentsiboen bitartez. Hori ere nekazarien kalterako da. Baina animalien elikagaiei erreparatuta, maiz baliatzen dira transgenikoak edo palma olioa, oihanak desagartarazita, gainera. 

Animalien ongizatearen aldera, orokorrean industrian abeletxeak handiak dira, zeinetan animali pilo baitauden leku urrian. Animaliak estresatzen dira eta horrek, aldi berean, gaixotasunak sortzen ditu. Gainera, gaitz horiek ez agertzeko antibiotikoak erabiltzen dituzte modu prebentiboan.

"Industriak antibiotikoak erabiltzen ditu gaixotasunak prebenitzeko, janarien sartzen dizkie animaliei. Horrez gain, guk ez dugu produktu prozesaturik ekoizten"

Hau da, ez dizkiete ematen botikak eta tratamendua gaixotasun jakinari aurre egiteko, zuzenean elikagaien artean sartzen dizkiete antibiotikoak dosi baxuetan. Horrek ondorioak ditu, gaixotasunak gero eta erresistenteagoak baitira.

Uraren kontsumoaren aldetik, xahutzen da. Alberto Garzonek esan zuen moduan, animaliak elikatzen dituzte bazka lehorrarekin -lastoa, adibidez- eta pentsu kontzentratuekin, eta horrek eragiten du ur kontsumoa handitzea. 

Gure animaliek belarra jaten dute eta belarrek hezetasuna dute. Horrez gain, kanpoan daude eta mendian ura edan dezakete. 

Eredu industrialak kopurua lehenesten duenez, produktu merkeagoa lortzen du, baina ondorioak ditu. Zentzu horretan, haragi prozesatua ez da ahaztu behar. Elikagaiak gero eta prozesatuagoak izan, gero eta kaltegarriagoak dira osasunarentzat. Gure kasuan ez dugu horrelako produktuekin lan egiten. Gure okelak ez dauka inolako gehigarririk.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide