JABI ZUBIETE SOLER

"Oso giro polita aurkitu dugu Errumanian, eta lehen postuarekin etxera bueltatzeak guztia borobildu du"

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko uzt. 15a, 11:30

Europako txapelduna da Jabi Zubiete, 60-64 urte arteko kategorian. / Aiaraldea.eus

Europako Duatloi txapelketako irabazlea da JABI ZUBIETE SOLER (Bilbo, 1960) 60-64 urte arteko kategorian. Uztailaren 4an Errumaniako Targu Mures hirian jokatutako lasterketan lehenengo postua lortu zuen, orain munduko txapelketan du jarrita ikusmira.

Europako txapelketan parte hartzetik zatoz, nolakoa izan da esperientzia?

Izugarria izan da. Oso giro polita aurkitu dugu Errumanian, eta lehen postuarekin etxera bueltatzeak guztia borobildu du. Bidaia bera ginkana bat izan da; Bilboko aireportuan bertan hasi zen gure lasterketa nolabait esatearren. Gure hegaldia atzerapenarekin iritsi zen Frankfurteko aireportura, eta Errumaniara iritsi ginenean maleta bat galdu zidan hegazkin konpainiak, lasterketarako ekipazio guztia nuen bertan!

Eskerrak bizikleta onik iritsi zela, bestela beste bizikleta erosi beharko nukeen bertan!

Gauzak horrela, lasterketa aurreko eguna materiala erosten eman nuen: kaskoa, zapatilak, maillota... Espainiako dortsala galdu zidaten ere hegazkin konpainiakoek, eta antolakuntzarekin bildu behar izan nintzen.

Izan ere, derrigortuta nago Espainiako elastikoarekin lehiatzera, Espainiako txapelduna bainaiz. Antolakuntzak erraztasun guztiak jarri zizkidan eta beste ekipazio bat utzi zidaten; gutxienez espainiako koloreez libratu nintzen (barreak).

"Espainiako federazioa ez da asko kezkatu gutaz. Guk geuk hartu behar izan ditugu hegaldiak, hotela, materiala… Errumaniako jendea, ordea, oso atsegina eta adeitsua iruditu zait"

Espainiako federazioa ez da asko kezkatu gutaz. Guk geuk hartu behar izan ditugu hegaldiak, hotela, materiala… eta noski guk ordaindu ere. Errumaniako jendea, ordea, oso atsegina eta adeitsua iruditu zait, asko lagundu gaituzte eta asko zor diegu.

Lasterketa gogorra izan zen?

Bai, erabat. Oso zirkuitu zaila izan zen, eta eguraldi euritsuak ez zuen batere lagundu. Ibilbideak, gainera, harrizko zoladura zuten Targu Mureseko hainbat kale zeharkatzen zituen, kasu batzuetan malda handia zutenak. Oso arriskutsua iruditu zitzaidan. Ni tentu handiz ibili nintzen.

Zirkuituak guztira 27,5 kilometroko luzera zuen: 5 kilometro korrika, 20 kilometro bizikleta gainean eta azken 2,5 kilometroak korrika berriro.

Zirkuitu itxia izanik bueltak zenbatu beharra zegoen, eta azken itzulian bidez okertu izanaren sentsazioa nuen. Azken metroak atzeraka korrika egin nituen, ziurtatzeko nire atzetik zetozenen bide berdina egiten ari nintzen. 1:05:47 denbora egin nuen.

Noiz hasi zinen duatloia praktikatzen?

Duela urte asko hasi nintzen. Hasieran korrika egiten nuen soilik, baina nire anaiak eta zenbait lagunek Euskal Herriko lehenengo klubetako bat sortu zuten: Basauriko Urbiko Triatloi Taldea. Bertan parte hartzera animatu eta zenbait lasterketetan aritu ginen. Oso giro ona zegoen.

Handik urte batzuetara, 25 bat urte nituenean, gutxi gora behera, ebakuntza egin zidaten eta ez nintzen ondo osatu. Orduan utzi nion lehiatzeari.

Eta noiz berrartu zenuen kirola?

Bazkari baten bueltan elkartu ginen berriro ere Urbiko Triatloi Taldeko kideak, klubaren 25. urteurrena ospatzeko. Berriro ere lasterketaren batean parte hartzea erabaki genuen guztiok, eta horrela egin genuen.

2018an Avileseko duatloian parte hartu nuen, oso sentsazio onak nituen lasterketan zehar. Bizikleta gainean ari nintzela, ordea, atzetik zetorren beste gazte batek harrapatu ninduen eta egundoko erorikoa izan nuen.

Hezur batzuk apurtu nituen, lesio serioa izan zen. Horrek ez ninduen gelditu eta 2019an Sorian jokatu zen Espainiako Txapelketara joan nintzen eta lehenengo postua lortu nuen. Orduan hasi nintzen serio hartzen eta babesletzak bilatzen. Bilboko Mudanzas Alayo ni laguntzeko prest azaldu zen, konfiantza guztia jarri zuen nigan eta asko lagundu nau.

2020ko martxoan, itxialdia hasi baino bi egun lehenago, Punta Umbrian jokatu zen Europako txapelketa. Bigarren postuan geratu nintzen akats tekniko batengatik: Kaskoa ezin nuen ondo itxi lotura apurtuta baitzuen.

Derrigorrezkoa da bizikletan kaskoa ondo itxita eramatea bestela penalizazio bat jaso dezakezu. Lasterketa horretan minutu bat baino gehiago eman nuen kaskoa jartzen, ohikoan 40 segundotan bizikleta gainean jartzeko prest zaudenean.

Arazoak arazo, oso gustora amaitu nuen. Lasterkari suitzar batek irabazi zuen, Aeneas Silvius Appius. Mundu guztiak esaten zidan oso kirolari ona zela, eta nik nire burua bere mailatik oso gertu ikusten nuen. Horrek lehian jarraitzeko egundoko gogoak eman zizkidan.

Europako txapelketan parte hartzeko bidea hartu zenuen berriro.

Pandemiak dena geratu zuen. Urrian lasterketa bat egin zen eta 3. postua lortu nuen. 2021eko apirilean Avilesen jokatu zen Espainiako Txapelketa berriro ere eta lehenengo postua lortuta, Espainiako Federazioarekin Errumaniara joateko txartela lortu nuen.

Lehia handia dago?

Ez, ez behintzat nire aldetik. Sentsazioa daukat duatloia praktikatzen dugun kirolariak nahiko umilak garela. Niri ez nau irabazteak obsesionatzen, ez dut espektatiba handirik. Ahal dudan onena egin eta podiumera igotzeko aukera badago, bikain!

"Orozkon bertan badira kirolari oso onak: Besaide, Ander eta Alberto, esatetako"

Kirolarion artean ere oso giro ona dago. Harreman estua egin dut lasterkari askorekin, tartean Appius bera, lagun onak gara orain.

Kirol diskretua da duatloia, ez du beste kirolek duten sona handi hori, nahiz eta gure inguruan kirolari oso onak egon.

Orozkon bertan badira duatloi kirolari finak; Besaide, Ander eta Alberto esatetako. Moda kontua dela imajinatzen dut. Orain txirrindularitza guztion ahotan dago, baina ez duatloia.

Nola entrenatzen duzu?

Ez naiz oso metodikoa. Gogoen arabera entrenatzen dut, ez dut bide-orri zehatzik jarraitzen. Kirol mistoa da hau, beraz oso inportantea da oreka mantentzea korrika ibiltzearen eta bizikletaren artean.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?

Azaroan Avilesera noa berriro, munduko txapelketa jokatuko baita bertan. Buru-belarri jarriko naiz froga hori prestatzen. Datorren urtean, aldiz, Bilbon jokatuko da Europako txapelketa, giro ederra egongo da bertan, gogotsu nago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide