TOKI KUTTUNAK

Julen Zubieteren toki kuttuna: Ubixetako borda

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abu. 23a, 22:44

Ubixeta mendi inguruan dagoen artzai borda da Julen Zubieteren toki kuttuna. / Aiaraldea.eus

Julen Zubiete zinemagile gazteak Orozkoko bere tokirik preziatuena aurkeztu dio Aiaraldea Komunikabideari: Ubixetako Borda. Zubietek lotura emozional estua du leku honekin, eta dokumental bat grabatzen ari da bertan.

Julen Zubiete orozkoarrari herriko bere tokirik kuttunena aurkezteko eskatu diogu. Ubixeta inguruak aukeratu ditu, txikitatik maitatu izan duen ingurua. Bertako parajeen edertasunak harrapatuta dauka Julen. Lotura emozional estua du lekuarekin ere.

"Ubixeta mendia larrez jantzitako paraje zabal eta handi batean kokatuta dago. Mendi ez oso garaiez osatuta dago: Kolometako tontorretik hasita Oderiagaraino. Ez dago apenas zuhaitzik, belardi erraldoi bat da" azaldu digu Julenek. Orozkoko baso eta pinudien gainetik altxatzen da belardia, eta honen gainetik, gorago oraindik, Gorbeia mendia dago, hor nonbait urrutian.

Umetatik ezagutu du Julenek Ubixeta, bere aitonak etxola bat eraiki zuen bertan, eta askotan joan izan da familia eta lagunekin bertara lo egitera: "Orduan abentura bat zen guretzako mendian, 'benetako' naturan, lo egitearena".

Emozionalki ere oso lotura estua dauka mendiarekin: "Nire aitaren errautsak bertan lurperatuta daude, berak lur eta paraje hauek maite zituelako. Eta nik maitasun horren zati bat jaso dudala uste dut. Hemen arnasten den lasaitasuna ez dut beste leku askotan bizi izan. Hemen goian denbora beste erritmo batean igarotzen dela ematen du. Edo nik behintzat horrela sentitzen dut hemen egoten naizenean" azaldu digu Julenek.

Ikus-entzunezkoak ekoizten egiten du lan Julenek, denbora luzez ibili da hara eta hona ikasketa eta lan kontuengatik, baina inoiz ez dio Ubixetara igotzeari utzi: "Urtero gutxienez behin igotzen naiz"

Orain bere pasioa eta ofizioarekin lotu ditu belargune hauek eta gehiagotan igotzen da: "Azkenaldian gehiagotan etorri izan naiz, leku honekin lotura berezia duen dokumental bat garatzen ari naizelako. Ubixetako artzain batekin grabatu nahi dudan proiektu bat da eta dena ondo bidean, aurten grabatuko dugu." Proiektu horretan murgilduta dabil buru-belarri: finantziazioa lortu, gidoia osatu, materiala eskuratu...Eta bien bitartean Ubixetarekiko duen lotura are gehiago estutu.

Julenek ez ditu aipatu gabe utzi nahi maite dituen Orozkoko beste hamaika txoko: "Orozkoko beste leku asko aipatuko nituzke, garai desberdinetan eta arrazoi diferenteengatik ezagutu ditudanak: udan adibidez lagunekin Arriandiko ur-jauzian askotan egoten ginen; Arrugaetako auzoa orain dela ez asko berrezagutu nuen eta leku oso ederra iruditu zitzaidan, bista paregabeak ditu; Belaustegiko ur jauzia iaz deskubritu nuen eta historiaurreko leku bat iruditu zitzaidan, pelikula baterako eszenatoki aproposa iruditu zitzaidan." 

Beti dago txoko berriren bat deskubritzeke: "Orozko herri handia da eta leku polit asko ditu. Pentsa, ni, bertakoa izanda ere, oraindik leku berriak deskubritzen ari naiz!".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide