Ez da harritzekoa, Izaskun Bengoari Amurrioko bere toki kuttunena zein den galdetuta, kirolarekin lotutako leku bat aukeratu izana. Izan ere, Bengoaren bizitza kirolari estuki lotua dago, ezin da beste modu batean ulertu.
Amurrioko El Refor kirolgunean geratu gara Izaskunekin. Bere garaian erreformatorio izandako eraikinak enpresa hazitegia, museoa eta kirol instalazioak hartzen ditu gaur egun. "Oso leku berezia da niretzako, esanahi handikoa, hemen garatu naiz kirolari bezala".
Atletismoa praktikatzen hasi zen Bengoa Reforrean: "Garai horretan ez zegoen ezer inguru honetan, eraikina itxita zegoen eta kirol instalaziorik ere ez zen existitzen. Futbol zelai zahar bat zegoen, eta honen inguruan atletismo pista deitzen genuen harritxintxarrezko pista bat". Gaur egungo errealitatea oso bestelakoa da, eta herritarrek mota guztietako puntako kirol instalazioak aurkituko dituzte bertan: Futbol zelaia, errugbi zelaia, tenis pistak, arku-tiroa praktikatzeko instalazioak...
Izaskunek gogoan du 9 urte zituela inguruan ez zegoela argirik: "Gauez entrenatzeko, aitak fusible batzuk konektatzen zituen eraikineko kutxa elektriko batera, eta herrirako bidea hartzen genuenean gure atzetik etortzen zen, kotxeko argiekin ibilbidea argituz". Orain, gauez datorrenak fokoak eta ondo argiztatutako inguru bat aurkituko ditu.
"Kirola praktikatzeko Amurrion dagoen lekurik onena da hau" adierazi du Bengoak. "Espazio zabala da, nahi duzun ariketa fisikoa egiteko. Eta kirola praktikatu nahi ez baduzu ere, oso leku atsegina da aisialdian etortzeko, txoko polit eta lasai asko dauzka".Kros lasterketa egunen oso oroitzapen politak ditu Izaskunek ere: "Kros egunetan zeharo aldatzen da ingurua. Oso egun bereziak dira, nik behintzat horrela gogoratzen ditut bertan parte hartzen genuenean. Jende asko etortzen da kanpotik lasterketa ikustera zein parte hartzera, musikaz betetzen da ingurua...".
Profesionalki lotura estua du ere Bengoak Reforreko instalazioekin. Duela hilabete batzuk sortu zuen ipar-martxako enpresa, eta ikastaroetako asko hemen bertan eskaintzen ditu. Hori gutxi balitz, bere pasio bilakatu den kirol honekin izandako lehenengo hartu-emanak ere Reforrean bertan izan ziren. Orain Espainiako Txapelduna da, eta lehia bizia du aurretik hurrengo hilabeteetan, besteak beste, Madrilen jokatuko den kluben arteko txapleketan arituko baita. "Ipar-martxa edonon praktikatu daitekeen arren, asko gustatzen zait hastapen tailerrak hemen egitea. Orotariko baldintzak aurkitu daitezke hemen: belarra, zoru biguna, zoru gogorra, leku lauak, aldapak... Itzal asko aurkitu daitezke ere egun eguzkitsuetan kirola praktikatu ahal izateko."
Kirola egiteko toki ezinhobea dela defendatzen du Izaskunek. Beti dago, ordea, hobetzeko aukera, eta zentzu horretan gauza bakarra eskatuko luke kirolari amurrioarrak: jarduera desberdinetarako espazio estali baina ireki bat.