Datorren larunbatean (abuztuak 28) zezenketa sailkapen fasea gauzatuko da Orozkoko zezen plazan, 17:30ean. Fermín Bohórquezen 6 zekor aterako dituzte, eta Carlos Olsina, Miguel Aguilar eta Manuel Perera izango dira toreatzaileak.
Ekintza aurkezteko hitzaldi bat egingo du Bilboko Zezenketa Klubak larunbat goizean, 12:30etatik 13:30etara Donibane Aretoan. Bertan arituko da Juan José Padilla toreatzaile famatua arratsaldeko zekorketari buruz hitz egiten, Jorge Fajardok (UFTAEren presidentea) lagunduta.
Arratsaldean, aldiz, zekorketaren aurkako kontzentrazioa egongo da 16:00etatik 17:00etara zezen plazaren ondoan. Animalien askapenaren alde egingo dute protesta, "espezismoaren" bukaeraren alde. Gorka Unzaluk, ekimena antolatu duen taldeetako bateko kideak, hala azaldu du euren ikuspuntua: “Gizakiak ez diren animaliak giza legeentzat abereak dira, kasu honetan bezala ondo pasatzeko objektu bezala tratatzen dira, edo atseginez, janariaren kasuan. Moralki ez dago alderik animalia bat zezen-plaza batean ikusleen aurrean dibertitzeko erabiltzearen edo giza kontsumorako hiltegi batean ezkutuan erabiltzearen artean”.
Hauek dira kontzentrazioaren antolatzaileak: Urduñako Animalista Taldea, Azpeitiako Oinatz Elkarte Animalista Taldea, Durangoko Durangaldea Antiespezista, Gasteizko Talde Antiespezista eta Nafarroako Animali Askapena.