Hala azaldu du Orozkoko Olgetan Euskal Pilota Kirol Elkarteak. Datorren astelehenean, abuztuak 30, Orozko Kup txapelketako bigarren edizioaren aurkezpena gauzatuko da, herriko frontoian. Bertan txapelketaren nondik norakoak azalduko dituzte, eta aurrerago lehiatuko diren bikoteen zozketa burutuko da.
Astelehenean egongo den ekitaldian datozen bi hilabeteetan jokatuko diren jardunaldien berri emango dute. “Euskal Herriko Neskatoen Gomazko paleta jokalaririk onenetarikoak parte hartuko dute bertan”, aitortu du Olgetanek. Guztira 4 jardunaldi izango dira, eta iraila eta urriko asteburuetan gauzatuko dira.
Txapelketa honen lehenengo edizioa 2019an jokatu zen. 6 bikotek parte hartu zuten, eta irabazleak Joane Maiz eta Olatz Zulaika izan ziren. Izan ere, 2020an bertan behera geratu zen, pandemia zela eta. Aurten, duela bi urte izandako giroa eta partidu maila altua izatea espero dute antolatzaileek.
