Kalteak eragin dituzte Orozkoko hainbat tokitan

Unai San Pedro Camacho 2021ko abu. 27a, 16:00

Udalak kezka agertu du uda osoan gertatzen ari diren kale txikizioak eta herritarrentzako jarrera desatseginak direla eta.

Pasa den asteburuan hankazgora agertu zen Txopera parkea. Okertutako eta botatako farola bat, bere lekutik ateratako zaborrontzi bat eta zikinkeriaz (kristalezko botilaz, plastikozko poltsaz...) betetako guneak. Ez dira azken hilabete hauetan herrian egondako kalte bakarrak; udalaren esanetan neurri murriztaileak lausotu direnetik areagotu egin dira horrelako gertakariak.

Orozkoko alkatea den Pedromari Intxaurragak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez kalteak hiru tokitan aurkitu dituzte, gehienbat: Txopera parkean, plazako frontoian eta futbol zelaian. Azken honetan porteriak apurtu dituzte eta egun askotan zaborrez beteta agertu da iluntzean. Intxaurragak aipatu duenez, “jendeak leku hauetaz disfrutatu behar du, horretarako daude, baina zaindu ere egin behar ditu, bestela ez diegu besteei disfrutatzen uzten, eta gainera guztion diruarekin ordaindu behar dugu”.

Horretaz gain, udaletxera hainbat kexa heldu dira plazako frontoian gaueko ordu txikietan gazte batzuek musika altuegi jartzen dutelako. Alkatearen ustez, jarrera horiek guztiak saihestu daitezke, eta bakoitzaren erantzukizuna da herriko espazioak eta ingurumena zaintzea eta auzokideak errespetatzea. Azken finean, “sortutako zikinkeria norbaitek garbitu beharko du, egindako txikizioak norbaitek ordaindu beharko ditu eta zarata norbaitek jasan beharko du”, gaineratu du Intxaurragak. 

Argazkiak: Orozkoko Udala

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide