Duela bi egun agortu ziren Orozkoko zezen plazan ospatu den zekorketa ikusteko sarrerak. Carlos Olsina, Miguel Aguilar eta Manuel Perer toreatzaileak Fermín Bohórquez ganadutegiko zekorrekin aritu dira Circuito de Novilladas del Norte txapelketaren barruan.
Egun batzuk lehenagotik zegoen pizturik polemika. Izan ere, Bilboko Zezenketa Elkarteak Juan Jose Padilla toreatzaile ezagunaren hitzaldia antolatu zuen gaur goizerako, arratsaldeko zekorketa aurkezteko asmoz. Hasiera batean Donibane Aretoan izan behar zen hitzaldia, Orozkoko elizara lekualdatu dute, udal aretoko edukiera gainditu baitu bertaratutako entzule kopuruak.
Elkarte animalisten protesta
Zekorketaren atarian dozenaka lagun elkartu dira eskualdeko zein Euskal Herriko talde animalista desberdinek deitutako mobilizazioarekin bat eginez. Bertan izan dira, besteak beste, Urduñako Animalista Taldeko, Azpeitiako Oinatz Elkarte Animalista Taldeko, Durangoko Durangaldea Antiespezistako, Gasteizko Talde Antiespezistako eta Nafarroako Animali Askapena taldeko kideak.