“Area Rojiblanca” proiektua eratu duzue. Nola sortu zen proiektua garatzearen ideia?
Nik Athletic-i buruzko kontua izan dut Instagramen 2015etik, 2018an itxi zidaten arte. Ia 9.000 jarraitzaile lortu nituen, eta ez nuen amore eman nahi.
Orduan kontu berria jarri nuen abian, proiektuarekin jarraitzeko. Azkenean, urte honen hasieran, erabaki nuen nire proiektua serioago eta txukunagoa egitea, eta “Area Rojiblanca” izeneko kontua sortu nuen, non publikazioak garatuagoak eta idatzizko eduki gehiago egongo ziren.
Aurrera jarraitu nuen, eta nire laguna Iñigorekin kontaktuan jarri nintzen, partiden kronikekin laguntzeko. Izan ere, biok kazetari izan nahi dugu, Athletici buruzko artikulu laburrak idazteak lagundu egiten digu, eta ilusio handiarekin daramagu kontua.
Nahiko ondo hasi zen proiektua Instagramen: zenbait jarraitzaile izan genituen hasieratik, eta aurreko kontuekiko aurrerapena nabaria zen edukiaren aldetik.
Orduan, erabaki genuen denboraldi honetarako hedabide berrietara irekitzea: Twitch, Twitter eta YouTube. Momentu honetan nahiko geldirik gaude, eta asteak daramatzagu zuzenekoak eskaini barik; San Mamesera zaleak bueltatzearekin gu ere joaten hasi garelako, eta unibertsitatean ari garelako.
Baina laster egongo gara bueltan Twitch-en (Twitterren eta Instagramen astero egoten dira publikazioak), eta espero dugu jendearen bultzada nabaritzea. Hala ere, oso pozik gaude proiektuak izan duen eboluzioarekin, eta izango duenarekin ere, gauzak ondo egiten ari garelako.
Zuzenekoak eskaintzen ere bazabiltzate Twitch-en. Zer ikusi dezake zuen kanalera edo zuzenekora sartzen denak?
Denboraldi honen hasieratik daramagu Twitch plataforman zuzenekoak eskaintzen. Izan ere, plataforma oso profesionala da gauza ezberdinak jorratzeko, eta gure proiektua aurrera eramateko.
Printzipioz bi zuzeneko eskaintzen ditugu astero. Lehenengoa astebururo izaten da normalean, partida-ondorengoa baita, partida bakoitza bukatu eta gero ireki ohi duguna. Bertan jokatu berri den partidaren analisia egiten dugu: hainbat puntu komentatzen ditugu gainetik, hasierako hamaikakoa komentatzen dugu, jokalari bakoitzari puntuazio indibiduala jartzen diogu, eta hurrengo partidari buruzko gehigarri txikiarekin bukatzen dugu. Gainera, askotan gonbidatu baten presentziaz gozatzen dugu, eta entretenigarriak izaten dira zuzenekoak.
Bestalde, beste zuzeneko bat egin ohi dugu astero, baina maiztasun txikiagoarekin. ‘Random’ zuzenekoa deritzogu, ez baitugu izaten pentsatuta zuzenekoan jorratzeko gairik. Horregatik esaten dugu gure ikuslea ez dela zertan Athleticekoa izan beharrik, izan ere zuzeneko horretan edozein gairi buruz aritu gaitezkeelako. Baina zuzeneko horren amaieran, ‘¿Quién Quiere Ser Rojiblanco?’ jokoa burutzen dugu. Athletici buruzko 10 galderako jokoa da, eta asteroko gonbidatu batek hartzen du parte bertan. Bukaeran, gonbidatu bakoitzak lortutako puntuen arabera, sailkapen bat egiten ari gara, denboraldi amaieran lehenak saritzeko. Dagoeneko 2 aldiz egin dugu jokoa, eta oso entretenigarria izan da!
Zer eskaintzen duzue “Area Rojiblanca”-ko kideek Athletici buruzko beste hedabide batzuek eskaintzen ez dutena? Zein da zuen balio erantsia?
Egia esan, ez dugu uste Athletic-i buruzko beste hedabide batzuek eskaintzen ez duten ezer berezirik eskaintzen dugunik, baina uste dugu gauzak era ezberdin batean transmititzen ditugula. Nik (Unai), urteak daramatzat Photoshop bezalako tresnekin gauzak egiten eta “edit” mordoa sortzen, eta horrek asko lagundu dit proiektuan erabiltzen ditugun overlay-ak, Instagramera igotzen ditugun argazkiak, eta abar kalitate onean eta modu originalean proiektatzen. Ondorioz, gure streamingak nahiko ikusgarriak izan ohi dira bisualki eskaintzen ditugun baliabideei esker.
Esango genuke gure balio erantsia gazteak izatea dela. Proiektua aurrera eramateko energiaz eta gogoz beteta gaude, eta erraztasuna daukagu mundu honetan aritzeko, txikitatik ezagutu izan dugulako, eta abantaila daukagulako beste pertsona nagusiago askorekin konparatuta.
Ibai Llanosek Leo Messirekin egindako elkarrizketak zalaparta eragin zuen kirol kazetaritzaren munduan. Kirol kazetaritza aldatzen ari dela esango zenukete? Zertan? Zer nolako pisua dute Twitch eta antzeko tresnek mota horretako kazetaritzan?
Ez dugu uste Ibai Llanosek Leo Messiri egindako elkarrizketa kazetaritza denik, azkenean jokalari bat telebista programa batera joaten denean bezala da, ondo pasatzeko eta Ibairekin harreman bat finkatzeko helburuarekin izaten baita. Ibairen helburua horrelakoak diren elkarrizketak burutzean ez da kazetaritzan aritzea, benetako kazetari batek egin dezakeena egitea.
Ibai Espainiako laugarren pertsona jarraituena da Twitch-en, 8 milioi jarraitzaile baino gehiagorekin, eta berak baliabide hori aprobetxatu zuen Leo Messirekin elkarrizketa egiteko eta audientzia kopuru oso altuari transmititzeko. Izan ere, Twitch bezalako plataformak asko garatu dira eta garrantzi handia daukate gaur egun. Kazetari bat honelako plataformetan aritu daiteke bere lana egiten, mugarik gabe eta denbora eta zereginak bere erara kudeatuta; bikainak dira Twitch bezalako plataformak, nahi duen orok bere proiektua izateko aukera daukalako.