Orozkoko Film Laburren Lehiaketa abiatu du Supelaur kultur elkarteak, seigarrenez. Azaroaren 26ra arte egongo da lanak aurkezteko epea. Honako helbide honetara bidali behar dira ikus-entzunezkoak: supelaur.kt@gmail.com.
Bi sari egongo dira, publikoarena eta epaimahaiarena, biak ala biak 250 eurokoak.
Rallya
Horrez gain, film laburren rallya ere egingo dute, aurreko urteetako dinamikari eutsiz. Abenduaren 3an eman beharko da izena, 17:00etan Supelaurrek Orozkon duen egoitzan. Parte hartzaileek 24 ordu izango dituzte filma grabatu eta editatzeko, biharamunean entregatu beharko baitute bideoa MP4 formatuan, toki eta ordu berean.
Lanek 3 minutuko iraupena izan ahalko dute gehienez eta kasu honetan sari bakarra egongo da, 250 eurokoa.
Euskararen presentzia
Euskarari ematen zaion garrantzia da ekimen hau antzeko beste batzuetatik bereizten duena. Antolatzaileek euskarazko edo euskaraz azpi-idatzitako lanak baino ez dituzte onartuko lehiaketa zein rallyan.