Mobilizatzeari ekin diote Artiacheko langileek. Astelehenean egin zuten elkarretaratzea Orozkoko lantegiaren aurrean, 13:00etatik 15:00etara, eta astero errepikatu nahi dute dinamika, egun eta ordu berean.
Lan hitzarmenaren negoziazioa dela eta abiatu dute protesta. Salatu dutenez, elkarrizketek 6 hilabete daramatzate blokeatuta, hitzarmen berriak hainbat eskubideren galera dakarrelako. Protestara batutako langileen aburuz, zuzendaritzak Enpresa Batzordea mehatxatu du, hitzarmen berria onartzen ez badu Orozkoko lantegiari jarraipena emateko inbertsioak egingo ez dituela esan duelako.
Ildo horretan, beharginek nabarmendu dute enpresak irabazi handiak izan dituela azken urteetan. “2019. urtean 7 milioi euro irabazi zituen, osasun larrialdi betean, eta urtez urte handitzen doaz diru-sarrerak”. Era berean, salatu dute azken urteetan ez dela inbertsiorik egin Orozkoko azpiegituretan, baina bertan irabazitako dirua baliatu dela beste fabrika batzuetan berrikuntzak egiteko. “Horren ondorioz, hemengo azpiegiturak kaltetuak izaten ari dira, eta beharrezkoa da inbertsioak gauzatzea”.
Gauzak hala, egin beharreko inbertsioak “langileen gain” uztea leporatu diote Adam Foodsi, Galletas Artiachen jabea den konpainiari. Gainera, “kezka” adierazi dute zuzendaritzak beharginekiko erakutsi duen jarreragatik. “Udan autobusak antolatu zituzten konpainiaren beste lantegi batzuetara, eta langileen bilera txikiak egin dituzte ondoren, sinestarazteko garestiak eta malgutasun gutxikoak direla eta lanordu gutxi egiten dituztela, egia oso bestelakoa denean”.