Orozkoko Txirrindulari elkarteak hitzordu berezia prestatu du azaroaren 21erako, 12:30ean. Egun horretan Orozko Kriteriuma jokatuko da eta elitean aritutako txirrindulariak egongo dira herrian. Besteak beste, Joseba Beloki, Iban Mayo, Juanjo Oroz, David Lopez, Patxi Vila, Mikel Pradera, Mikel Zarrabeitia eta Igor Astarloa bertaratuko dira.
Profesional ohi horien artean ibilbide bikainak daude. Esaterako, Joseba Beloki 2. sailkatu zen Tourrean 2002an, eta soilik Lance Armstrongek gainditu zuen. Hori bai. estatubatuarrari saria kendu zioten dopingagatik. Astarloa, esaterako, munduko txapeldun izan zen 2003an.
Emakumezkoak lehen lerrora
Edonola ere, lasterketako antolatzaileek azaldu dute kirolari horiek amua baino ez direla. Izan ere, orain profesionalak diren emakumezkoak bilakatu nahi dituzte protagonista; Eider Merino, Ziortza Isasi edota Eukene Larrarte. Isasik Europako Txapelketan parte hartu du aurten eta Larrarte Munduko Pistako Txapelketan egon zen duela bi aste.
Txirrindulariak bi txandatan aterako dira. Emakumeak izango dira lehenengoak eta eguraldiaren arabera, 20 edo 25 itzuli egingo dituzte Orozkoko herrigunean barrena. Gero gizonezkoen ordua helduko da eta horiek ere 25 edo 30 itzuli egingo dituzte.
Antolatzaileek espero dute publiko ugari batzea txirrindulariak animatzeko.